Dagoeneko 112 lagunek eman dute izena energia komunitatean

TEK Eibar prest dago herrian energia kontsumitzeko eta sortzeko modua azaltzeko
Dagoeneko 112 lagunek eman dute izena energia komunitatean
2024/04/09 17:41
eta kitto!

112 lagunen parte hartzea berretsita, TEK Eibar (Tokiko Energia Komunitatea) prest dago herrian energia kontsumitzeko eta sortzeko modua azaltzeko, Udalak jakinarazi duenez.

Egitasmo horren bitartez, panel fotovoltaikoak jarriko dira estalki publiko batzuetan eta neurri horrek, autokontsumo energetikoa ez ezik, udalerrian hiri-berroneratzea sustatuko du. Udalak hiru instalazio fotovoltaiko lagata, energia berriztagarrien sare bat sortu nahi da, bizilagun guztiei onura ekarriko diena.

Udalaren arabera, “ikuspegi berritzaile honek, jasangarritasuna bultzatzeaz gain, energia aurrezteko aukera ere ematen du, epe luzerako konpromisorik eta obra handirik egin beharrik gabe. Gainera, TEK Eibarrek bizitegi-eraikinen irisgarritasunaren eta efizientzia energetikoaren hobekuntzan ere laguntzen du, bere hiri-berroneratze programaren parte gisa”.

 

Anbizio handiko egitasmoa

Egitasmoak Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuaren eta Next Generation Europako funtsen arteko lankidetzari esker hartu du indarra. Bere aurrekontua 197.000 eurokoa da, eta kopuru horretatik 100.000 euro Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun Departamentuko deialdiko dirulaguntzetatik datoz. “Anbizio handiko egitasmoa da”, Udalaren berbetan.

Proiektuaren arabera, “1.093 m2-ko azalera erabilgarrian, 364 eguzki-panel jarriko dira, 163 kW inguruko ahalmenarekin. Helburua da 246 erabiltzaileri zerbitzu ematea; bezeroak etxe partikularrak eta komertzio txikiak izango dira, instalazioetatik bi kilometroko erradio baten barruan kokatuta egon beharko direnak”, Udalaren hitzetan. Plakak Portalean, Arrateko Andra Mari ikastetxean eta Amañako eskolan daude jarrita.