Datorren astean Eibarren egingo den 14. Ikasenpresa Azoka aurkeztu dute
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren "ITLENT" Euskadiko Lanbide Heziketako Talentuaren Euskal Institutuak antolatuta, eta Eibarko Udalaren laguntzarekin, XIV. Ikasenpresa Azoka hartuko du gure herriak, hamalaugarren urtez jarraian. Gaur aurkeztu dute ekimena, udaletxeko udalbatza aretoan egindako prentsaurrekoan, eta bertan egon dira Inge Gorostiaga Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailako Eraldaketa Digitalaren eta Ikaskuntza Aurreratuen Zuzendaria, Jose Ramon Gomez “ITLENT"-eko Zuzendari Exekutiboa, Ergiña Urzelai Kultura Ekintzailearen arduraduna iTlent-en, Vanesa Hortas, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotzia, eta Jon Iraola Eibarko alkatea. Ekitaldian Debabarreneko ikasleak ere egon dira.
Datorren astean, eguenean egingo den azokan, Euskadi mailako azokan 410 ikasenpresa aurkeztuko dituzte Lanbide Heziketako ikasleek. EAE-ko 50 Lanbide Heziketa zentruetatik etorriko diren bi mila bat ikasle eta 102 irakasle elkartuko ditu Eibarren ekimen honek, eta klasean landu dituzten ideia ekintzaileak bertatik bertara ikusteko aukera izango dute herritarrek. Nabarmendu dutenez, “Ikasenpresa hauek klasean ikasten ari diren lanbide-arloekin lotuta egongo dira, beti ere pertsonen edo haien ingurunearen bizi-kalitatea hobetzera bideratuta”.
Enpresa txiki bat sortzea eta abian jartzea. Hori da Ikasenpresak Euskadiko Lanbide Heziketako erdi-mailako eta goi-mailako ikasleei planteatzen dien erronka. Inge Gorostiagak “enpresa bat sortzeko eta martxan jartzeko erronkaren aurrean ikasleei eskaintzen zaien laguntza” modu positiboan baloratu du. Euskadiko Lanbide Heziketako erdi-mailako zein goi-mailako ikasleek FP Euskadiko eredu metodologikoari jarraitzen diotela ere azaldu du: “Eredu horretan irakasle-taldearen laguntza funtsezkoa da. Ikasenpresa enpresa-simulazio bat da, baina eskaintzen den produktua edo zerbitzua benetakoa da”.
Jon Iraola Eibarko alkateak, bestalde, Lanbide Heziketan gure herriak duen tradizioa azpimarratu du: “Armeria Eskola, Uni Eibar-Ermua eta Azitaingo Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal-Institutua gure herriaren sinboloak dira. Etorkizunari begiratzen jakin duen herria gara, garai berrietara egokituz, eta formakuntza berritzaile eta kalitatezko bat eskainiz, lan-irteerak bermatuta”.
Aurkezpen-ekitaldian esandakoari jarraituta, “azoka honen XIV. edizioak agerian uzten du gure gazteen gaitasuna. Gazte hauek erakusten dute ilusioarekin, prestakuntzarekin eta ahaleginarekin, arrakastaz egin diezaiokete aurre gero eta exijenteagoa den lan-merkatuari”.
Ikasenpresa enpresa-simulazioa bada ere, eskaintzen den produktua edo zerbitzua benetakoa denez, irakasleen lankidetza-lan horrek negozio-ideiak lanbide-arloarekin lotuta egotea, berritzaileak izatea eta zikloko irakasle-talde osoa inplikatuta egotea ahalbidetzen duela nabarmendu dute.
Bestalde, azokan erakutsiko dituzten produktuak eta zerbitzuak askotarikoak izango dira, “gehienak honako arlo hauetan garatutakoak: kirol jarduera fisikoak, industrialak, irudi pertsonala, ostalaritza eta turismoa, informatika, komunitatearentzako zerbitzuak, arte grafikoak, nekazaritza eta arrantza, zerbitzuak, farmazia eta parafarmazia, besteak beste”.
Aurtengo ikasenpresen artean egongo diren batzuk ere aipatu dituzte: bere burua erregulatzeko kanpoko eta barruko tenperatura detektatzen duen zurezko etxe bat, igeltsuz eta metalezko azkoinez diseinatutako bitxi-denda bat, euria hastean olana batekin estaltzen den esekileku elektriko bat, mugikortasun urriko pertsonentzako joko robotak, eta esklerosi anizkoitza eta hizketarako arazoak dituzten haurrentzako aisialdi-zentroa.