Datorren zapatuan Untzagan egingo den kontsumo arduratsu eta ekologikoaren azoka aurkeztu dute

Goizeko 10:00etatik 14:30era egingo da azoka, eta eskualdeko ekoizleen eskaintzarekin batera, haurrentzako tailerrak eta sagardo ekologikoaren dastaketa ere egongo dira.
Datorren zapatuan Untzagan egingo den kontsumo arduratsu eta ekologikoaren azoka aurkeztu dute
2025/10/06 13:06
eta kitto!

Zapatuan, urriaren 11n kontsumo arduratsu eta ekologikoaren azoka egingo da Eibarren, “Kontsumoa Kontzientziarekin, Kontzientzia Kontsumoan” goiburupean.  Biolur Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteak, Egoaizia GGKEak, Eibarko Udalak, Debemen Debabarreneko landa-garapenerako elkarteak eta ENEEK-Ekolurra Euskadiko nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseiluak antolatu dute azoka, hirugarren urtez jarraian, eta gaur egin dute aurkezpena Jon Iraola alkateak, Maria Gago Egoaiziako ordezkariak, Maider Zubikarai Biolur elkarteko ordezkariak eta Agurtzane Etxaniz Debemen elkarteko ordezkariak.
Adierazi dutenez, “herritarrei beste kontsumo modu bidezkoago, jasangarriago eta ingurumenarekin konprometituago bat ezagutzeko aukera ematea” da azoka antolatzeko arrazoi nagusia. Horrekin batera, eredu kontzienteago eta hurbilagoaren aldeko apustua egiten duten saltokiei eta proiektuei ere ikusgarritasuna eman nahi zaie eta, antolatzaileen arabera, azoka “ekoizleentzako, ekintzaileentzako, kontsumitzaileentzako eta herritar konprometituentzako topagune bihurtzea” nahi dute. 
Horrela, kontsumo-eredu kontzienteago eta arduratsuago baten alde lan egiten duten eskualdeko 21 bat saltoki edota ekintzailetza-elkartek hartuko dute parte azokan, “jasangarritasunari, hurbiltasunari eta komunitatearekiko konpromisoari balioa ematen dioten alternatibak hurbilduz”. 
Nekazaritza eta elikadura ekologikoa herritarrei gerturatzeaz gain, azokara gerturatzen den jendeak Biolur eta Egoaiziaren lana hobeto ezagutzeko aukera izango dute, baita Egoaiziaren eskutik martxan dagoen Eibar Eraldatuz tokiko ekimena ere.

5 euroko deskontuarekin erosteko bonoak eskuragarri
Bestetik, jendea azokan zerbait erostera animatzeko, 5 euroko deskontuarekin erosteko bonoak (guztira 40) ipini dituzte eskuragarri udaletxeko atezaintzan, dohainik. Urriaren 10a baino lehen (edo amaitu aurretik) joan daiteke eskatzera, udaletxeko atezaintzara (Untzaga plazatik sartuta, 8:00etatik 14:00etara, astelehenetik ostiralera). Bonu horiek ENEEK-Ekolurrek jartzen ditu eskuragarri, azoka ekologikoko postuetan trukatzeko, betiere gutxienez 15 euroko euroko erosketa bat egiten bada erabiltzeko. Azoka egunean, gainera, bi otar zozketatuko dira, merkatu ekologikoan parte hartzen dutenen produktuekin osatutakoa. 
Antolatzaileen berbetan, “aurten ere, 12:00etatik 14:00etara, sukaldaritza-erakustaldia egingo da, produktu ekologikoekin, Miriam Chefintegrativaren eskutik, eta sagardo-dastaketa bat, Lizagasarrekin, kontsumo ekologikoa bultzatze aldera”.
Antolatzaileek, halaber, jendea animatu nahi dute erabiltzen ez diren mugikorrak, bizikletak eta ordenagailuak eramatera, “bigarren bizitza bat emateko eta kontsumo zirkularragoa sustatzeko”. Amaitzeko, azokaren harira antolatu den kartel lehiaketara aurkeztu dituzten lanak erakutsiko dituzte. Lehiaketa Malak Mouahidik (11-15 urtekoen kategorian) eta Oihana Lasuenek (16 urtetik gorakoen kategorian) irabazi dute. 

EGITARAUA
10:00 Azokaren irekiera. 
11:30 Haurrentzako tailerra, EkoOiz-en eskutik.
12:00 “Ekoizpen duina, kontsumo arduratsua” EKOerrezetak, Miriam Chefintegrativaren eskutik. Sagardo-dastaketa Lizagasarren eskutik.
14:15 Kartel Lehiaketaren VII. edizioko sari-banaketa.
14:30 Produktu-saskien zozketa eta azokaren amaiera.