Datozen lau urteetarako 45 ekintza jasotzen dituen Bizikidetza eta Aniztasunaren IV. Plana onartu du Udalbatzak

Planari esker hiri plural eta inklusibo bat lortu nahi dute, Eibarren bizi diren pertsona guztien integrazioa eta bizikidetza sustatuko dituzten programen bidez.
Datozen lau urteetarako 45 ekintza jasotzen dituen Bizikidetza eta Aniztasunaren IV. Plana onartu du Udalbatzak
2024/05/07 13:06
eta kitto!

2024-2028 aldirako Bizikidetza eta Aniztasunaren IV. Plana onartu berri du Udalbatzak, eta horri buruzko azalpenak eman zituzten Jon Iraola alkateak eta Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak, barixakuan egindako prentsaurrekoan. Esandakoaren arabera, planarekin hiri plural eta inklusibo bat lortu nahi dute, “Eibarren bizi diren pertsona guztien integrazioa eta bizikidetza sustatuko dituzten programen bidez. Hala, helburu nagusia da hiri anitz bat eraikitzea, garai eta premia berrietara egokitua”.

Planak biztanleriak azken urteotan izan duen bilakaera islatzen duen diagnostiko soziodemografiko bat jasotzen du. Halaber, datozen lau urteetarako 45 ekintza jasotzen ditu, eta kultura-aniztasunaren ikuspegia zeharkakotasunez txertatzen du Eibarko Udalaren jardueran. Dokumentu berriaren gakoak hauek lirateke: eibartar iritsi berrien harrera ziurtatzea eta haien gizarteratzean lan egitea; dibertsitate kulturalean sentsibilizatzeko jarduera komunitarioak antolatzea; eta denen arteko elkar ezagutza sustatzea.

Nabarmendu zutenez, integrazioa, kohesio soziala eta elkarbizitza herri mailan gertatzen dira eta, beraz, maila horretan gestionatzen dira: “Azken urteotan, hainbat herrialdetako pertsonak iritsi dira Eibarrera, eta horrek Eibarko gizartearen pluraltasuna eta dibertsitatea areagotzen lagundu du. Atzerrian jaiotako eibartarrak biztanleriaren %14,4 dira, eta, jatorriari dagokionez, gaur egun 89 herrialde ezberdinetako pertsonak bizi dira gure herrian”.

Kultura Aniztasun arloak eskaintzen dituen zerbitzuak

Adierazitakoari jarraituz, Kultura Aniztasun arloak 70.100 euroko aurrekontua du 2024. urterako, “besteak beste, Plan honetan jasotako jarduerak egin ahal izateko”. Gainera, Nazioarteko Lankidetzari dagozkion jarduerak ere bertatik kudeatzen dira. Esaterako, 2024. urtean, 373.812 euro gestionatuko dira, Eibarko gobernuz kanpoko erakundeak hainbat herrialdetan lantzen ari diren proiektuei laguntzeko; 25.000 euro erakunde horiek Eibarren bertan herritarrak sentsibilizatzeko proiektuei laguntzeko; eta 3.000 euro Elkartasun Bekak emateko. Bestalde, Eibarko Udalak Nazioarteko Lankidetza Mahaia eratuko du laster, “ofizialki sortu eta araudi erregulatzailea onartu ondoren”.  

Gizartekintza Sailaren barruan dagoen Kultura Aniztasunaren Zerbitzutik, teknikari bakarrarekin, immigrazio-arloan aholkularitza presentzialeko zerbitzua ematen dela azpimarratu nahi dute, “administrazio-egoerarekin eta atzerritartasun-legearekin lotutako kontuen inguruan zalantzak argitzeko”. Zerbitzu hori jasotzeko interesa dutenek hitzordua eska dezakete, Gizartekintza Sailera joanda edo 943708440 telefonora deituz