Debabarrena biziberritzeko dituen asmoak plazaratu ditu EH Bilduk

Lurralde oreka, industriarako politika aktiboak eta mugikortasuna hobetzeko beharra eta aukerak ikusten ditu alderdiak
Debabarrena biziberritzeko dituen asmoak plazaratu ditu EH Bilduk
2024/04/12 13:37
eta kitto!

EH Bilduk agerraldia egin zuen atzo eguerdian Maltzagan, datorren astean izango diren Legebiltzarrerako hauteskundeen harira. Horrela, han izan ziren Debabarreneko sei udalerrietako zinegotziak eta zerrendakideak, eta baita Itziar Murua Zarauzko zinegotzi eta Gipuzkoako hautagaia ere.

Atzoko ekitaldian, Unai Larreategi Soraluzeko alkateak eta Itziar Muruak hartu zuten hitza, plaentxia.eus-ek jakinarazi duenaren arabera. Larreategik adierazi zuenez, “historikoki, bere izaera industrialaren eraginez, ongizate sozioekonomiko handiko eremua” izan den arren, orain, “jaisten” doa Debabarreneko ongizate-maila.

Datuak emanez, esan du “2020-2023urte bitartean %22ko enpresa-galera” izan zela, “ehun enpresatik gora itxi edota beste lurralde batzuetara mugitu” zirela. Halaber, gogora ekarri du Eibar eta Soraluze direla Gipuzkoan langabezia mailarik altuenak dituzten udalerriak.

Larreategik gaineratu zuenez, Debabarrenean eman den bilakaera hori “azken hamarkadetan garatu diren politiken ondorio” da eta ezinbesteko ikusten du “lurralde orekan sakontzea”. Era berean, uste du politika aktiboak behar direla “industriaren joerekin bat egiteko”, zein “ekonomia jarduera berriak” teknologia berrietara egokitzeko eta esan zuen“ezinbestekoa” dela industria 5.0rako trantsizioa” egitea.

 

Intermodala Maltzagan

Larreategik mugikortasunean ere jarri zuen arreta, “herritarren kezka iturri” dela esanez. Soraluzeko alkateak azpimarratu zuenez, “garraio publikoan hobekuntza nabariak egiteko moduan” daude, “bai eskualde barruko zein kanporako zerbitzuari dagokionez”.

Maltzagan intermodala jartzea bultzatuko dutela eman zuen aditzera eta, era berean, Durangoren eta Debaren arteko trenaren maiztasuna handitu eta 10-12 minutukoa izatea.

 

Industriarako politikak

Itziar Muruak, bere aldetik, azpimarratu zuen beharrezkoa dela “industria politika ekintzailea (…) lidergo publikotik euskal industria-eredu iraunkor, sozial eta aurreratua eraikiko duena”.

Berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apostua egiten du Muruak eta, esan zuzenez, EH Bildutik gizarteko eta alor politikoko, ekonomikoko eta hezkuntzako eragileen arteko “herrialde-akordioa” lideratuko du, “2027rako BPGaren %3,2 a I++B politiketan inbertitu dadin, Europako eskualde aurreratuenen pare jarriko gaituena”.

Industriarekin lotuta, Gipuzkoako hautagaiak Industria 5.0-rako jauzia egiteko beharra azpimarratu eta “hori bultzatzeko formazio, demostrazio eta zerbitzu zentroa sortzeko lanean jardungo” dutela iragarri zuen.

Zentzu horretan, iragarri zuen “Inbertsio Estrategikorako Funts Subiranoa” sortuko dutela, “orain arte mobilizatu diren zuzkiduretatik nabarmen gorago egongo dena, euskal enpresak lurraldean errotzeko, euskal enpresa estrategikoen kapitaleko partaidetza publikoa bideratzeko eta inbertsio estrategikoak sustatzeko”.

 

Argazkiak: Ubane Madera (plaentxia.eus)