Abenduaren 18rako Gasteizen manifestazioa deitu dute Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendutik
Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) manifestazioa egingo du Gasteizen abenduaren 18an, “EAEko alderdi politikoei gure eskaera onar dezaten eskatzeko eta, 2026rako EAEko aurrekontuen onarpenarekin bat eginez, horiek bermatzeko beharrezkoak diren aurrekontu-partidak bideratzeko. Hitz egiteko eta aurrera egiteko aukerarik badago, gurekin konta dezakete. Bizi baldintza duinak lortu ezin dituzten adineko pentsiodunen arazoa onartezina eta luzaezina da eta, diotenez, funtsean ados bagaude, hori posible egiteko moduak bilatzea derrigorrezkoa da”.
Azaldu dutenez, “aurten, EAEko aurrekontuak %4 handituko dira, 16.400 milioi eurora ailegatzeraino. Beste behin ere, diru-sarrerak soldata-errenten kontura izango dira batez ere, %86 izango baitira. PFEZ Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren bilketa %10 handituko da, eta BEZaren bilketa beste horrenbeste, baina 20 urte geldirik daramatzan Sozietateen gaineko Zerga %14 jaitsiko da. Beste behin esango dute inoizko aurrekonturik handienak direla, onenak, baina EAEn pobreziak gora egiten jarraitzen du, eta arazo sozialek ere bai”.
Pentsiodunen iritziz, “EAJ-PSEren blokeo eta arbuioaren aurrean, presio sozial indartsu eta bateratua baino ezin da egin. Alderdi biek hitzez adierazi zuten prest zeudela beste bide batzuk ‘esploratzeko’, EHPMren Herri Ekimen Legegilean (HEL) eskatutakoari erantzuteko. 2026rako aurrekontu publikoetan gutxieneko pentsioak osatzeko partida ekonomiko bat bideratzeko aukera dute. Baina beldur gara ez ote duten partidarik proposatuko haien alde egiteko”.
Lanbide arteko gutxieneko soldata propioari dagokionez, HEL sindikala blokeatuta geratzeaz gain, Confebask patronalak EAEn, eta CENek Nafarroan, jada adierazi dute erabat arbuiatzen dutela hura ezartzea, lanbidearteko akordio bat negoziatuz. Horren kontrako jarrera itxia saihesteko, Confebaskek dio ‘prest’ dagoela adostu beharreko hitzarmen kolektiboen negoziazioaren barruan LGS baten aukera baloratzeko, baina sindikatuek bere gain hartu beharreko kontrapartida garrantzitsuen truke”.
Egoera honen aurrean, pentsiodunen mugimenduaren, sindikatuen eta bestelako kolektibo sozialen arteko mobilizaziorako topagune bateratuak bilatzea, beste biderik ez dute ikusten, “alde batetik, pairatzen ari garen portaera antidemokratikoak kritikatu eta salatzeko. Eta, aldi berean, gutxieneko pentsio eta gutxieneko soldata duin eta nahikoak exijitzeko. Ziur gaude pentsiodun eta langile askok begi onez eta itxaropenez ikusiko lituzketela horrelako ekimen bateratuak, eta ilusioz egingo luketela bat haiekin”. Hala ere, argi laga nahi dute horrek ez duela esan nahi EHPMk eta sindikatuek beraien lan eta mobilizazio-agendak mantendu eta bultzatu behar ez dituztenik.

