Debabarreneko Deparkel Parkinson Elkarteak ateak zabalduko ditu barixakuan

Ate-irekien jardunaldia egingo dute Ardantzako lokaletan, eta nahi duten guztiak gerturatzera animatu nahi dituzte.
Debabarreneko Deparkel Parkinson Elkarteak ateak zabalduko ditu barixakuan
2025/04/08 15:33
eta kitto!

Apirilaren 11a Parkinsonaren eguna dela eta, hori ospatzeko asmoa daukate Deparkel Debabarreneko Parkinson Elkartekoek: “Arratsaldean ate-irekien jardunaldia izango dugu, 16:30etik 18:30era, eta nahi duten guztiak gerturatzera animatu nahi ditugu, ongietorriak izango dira eta. Horrela gure lokala eta bertan egiten duguna ezagutuko dute, eta mokadutxoren bat hartzeko aukera ere egongo da”. Deparkelek Ardantza 1ean dauka egoitza.

Deparkel  irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, eta euren helburua Debabarrenan Parkinson gaixotasuna dutenen eta hauen familien bizi kalitatea hobetzea da.  Ematen den arreta integrala da, alderdi desberdinak ukitzen baitira, hala nola; banakako arreta, familiarra, soziala, terapeutikoa, hezkuntzakoa, laborala, ludikoa, asistentziala, baita zientifikoa ere, integratzailea eta den dena berdintasun giro baten barnean.