Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua urrian jarriko dute berriz martxan
Udako etenaldiaren ondoren, Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua berriro jarriko da martxan urriaren hasieran, Eibarko Udalak sustatutako ‘Eibar Mogidu’ ekimenaren barruan.
Zerbitzuaren helburua sedentarismoa murriztea eta eibartarrei bizitza aktiboagoa eta osasungarriagoa izaten laguntzea da. Jarduera fisiko gutxien egiten duten kolektibo sedentarioei emango zaie arreta berezia, eta osasun-zentroek zerbitzura egiten dituzten deribazioek ere garrantzi berezia izango dute, bai anbulatoriotik bai Eibarko ospitaletik.
Orientazio zerbitzua doakoa izango da eta Astelena pilotalekuko bulegoan eskainiko da. 2026-2027 ikasturtean bi programa izango ditu zerbitzuak osagarri: Ibilixan, herritar guztiei zuzendutako ibilaldi osasungarriak, eta Mugigela, zerbitzura bideratutako pertsonei banakako erantzuna emateko programa.
Ibilixan, hamabostean behin
Ibilixan programaren barruan, ibilaldi osasungarriak ostiraletan egingo dira, hamabostean behin. Irteerak anbulatorioko plazatxotik abiatuko dira, 10:00etan, eta ibilaldiek ordu eta laurden inguruko iraupena izango dute.
Lehen hitzorduak urriaren 9an eta 23an, azaroaren 6an eta 20an eta abenduaren 4an eta 18an izango dira.
Bestalde, Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzuaren ordutegia asteartetan, 11:00etatik 17:00etara, eta ostiraletan, 9:30etik 13:30era, izango da.
Informazio gehiago nahi dutenek mogidu@eibarkirola.eus helbidera idatz dezakete edo 688 724 174 telefono zenbakira deitu.