Debabarreneko ETEei trantsizio ekologikoan laguntzeko proiektu bat sustatu du Debegesak

Proiektuan parte hartu duten enpresak Gráficas Juaristi S.L, Beltran Ascensores y Montacargas S.L., Alfa MimTech, Egile Mechanics S.L. eta Engine Power Components Group Europe (EPC) izan dira
Debabarreneko ETEei trantsizio ekologikoan laguntzeko proiektu bat sustatu du Debegesak
Beltrán Ascensores proiektuan parte hartu duten ETEetako bat izan da
2024/06/19 10:45
eta kitto!

Debegesak proiektu bat bultzatu du Debabarreneko enpresa txiki eta ertainei ingurumenaren arloan espezializatutako laguntza teknikoa kontratatzea errazteko. Horrela, beren berotegi-efektuko gasen isuriak ezagutu eta interpretatu ahal izateko eta horiek murrizteko erabakiak hartzeko gai izatea lortu nahi izan da. Gero eta gehiago dira ingurumen-inpaktua neurtzeko eskatzen diren tresnak, baina horrek dakartzan kostuak direla-eta, ETEek ezin izaten dute beti baliabide horiek izan. Hori esanda, proiektuaren helburu nagusia trantsizio ekologikoan eskualdeko enpresa txiki eta ertainak atzean ez geratzea izan da.

Proiektuak barne biltzen du Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak Ihobe sozietate publikoaren bitartez bultzatutako ekonomia zirkularra berritzeko dirulaguntzaren esparrua. Zehazki, Enpresa Txiki eta Ertain Zirkularraren ildoaren barruan gauzatu da: ingurumen erronken inguruko proiektua finantziatzen ditu, bai merkatukoak, bai etorkizuneko erregulazioekin lotutakoak, aitortutako tresna eta metodologien bidez.  

 

ETEen deskarbonizazioa helburu

Proiektuaren ardatz nagusia Debabarreneko ETEen deskarbonizazioa bultzatzea izan da, eta horretarako, Produktuaren Karbono Aztarna (PKA) eta Erakundearen Karbono Aztarna (EKA) kalkulatu dira, berotegi-efektuko gasen emisioak murriztean oinarritutako plan bat egiteko. Xedea ETEek beren karbono-isuriak argi ulertzea eta horiek murrizteko jardunbide egokiak aplikatzen ikastea izan da.

Bi ETErekin lan egin da PKA kalkulatzeko (Gráficas Juaristi S.L. eta Beltran Ascensores y Montacargas S.L.), eta beste hirurekin EKA kalkulatzeko (Alfa MimTech, Egile Mechanics S.L. eta Engine Power Components Group Europe (EPC)). Proiektuak enpresei lagunduko die beren produktu eta eragiketetarako hobekuntza-planak egiten, klima-aldaketa arintzen eta hornidura-katean iraunkortasuna sustatzen. Karbono-aztarnaren bi tipologien (produktuarena eta erakundearena) elkarrekintza proiektu bakar batean planteatzeak are gehiago aberastu du enpresen ikaskuntza-prozesua. Lankidetzako talde-lana funtsezkoa izan da; horregatik, 3 talde-bilera egin dira prozesuaren fase guztietan. Saio horietan prestakuntza bateratua planteatu da, eta, beraz, industria-enpresa guztiek modu aktiboan parte hartu dute, proiektuari sektore anitzeko ikuspegia eskainiz, eta hala, proiektuak balio erantsia lortu du.