'Eibarko Mendiak Bizirik' plataforma sortu dute, Basalgo parke eolikoaren proiektuari aurre egiteko
Eibar, Soraluze eta Bergarako udalerrietan sei aerosorgailu erraldoi instalatzea aurreikusten duen parke eolikoaren proiektuak sortutako kezken ondorioz, herritar talde batek 'Eibarko Mendiak Bizirik' izeneko plataforma sortu du.
Plataformatik adierazi dutenez, Andaluziako Arena Power Solar 10 enpresak aurkeztutako egitasmoak 200 metroko altuerako sei haize-errota eraikitzea proposatzen du aipaturiko udalerrietako mendietan. “Hiriko leku askotatik ikusiko lirateken aerosorgailuak instalatzeko, azpiegitura handiak eraiki behar dira, hala nola sei metro zabaleko errepideak edo hormigoizko plafatorma erraldoiak mendi tontorretan; eta horrek, aldi berean, milaka metro kubiko lur mugitzea edota milaka zuhaitz desagertzea ekarriko luke.”
Plataformaren ustez, energia garbien izenean, Basalgoko parke eolikoak “inpaktu nabarmena izango luke Eibarko natura-ingurunean, landa-eremuan eta ondare historikoan”. Gogorarazi dutenez, eremu horretan badaude “baserriak, basoak, mendi-gailurrak eta aztarna historikoak”, eta hiriko azken “birika bakanetako” batean eragingo luke proiektuak.
Bestalde, plataformak nabarmendu du sortutako energia ez litzatekeela tokiko kontsumora bideratuko, eta beraz, onura ekonomikoak ez liratekeela herritarren artean geratuko. Kontrara, proiektuak “paisaia naturalaren eraldaketa sakona, biodibertsitatearen galera, eta tokiko komunitatearen bizi-kalitatean eragina” ekarriko lituzkeela salatu dute.
“Eibarko Mendiak Bizirik” taldearen iritziz, energia berriztagarriak beharrezkoak dira, “baina ez edozein preziotan”. Hori dela eta, plataformak jakinarazi du alegazioak prestatzen diharduela proiektua gelditzeko asmoz, eta datozen asteetan kanpaina informatibo bat martxan jarriko dutela herritarrei xehetasunak helarazteko.
Plataformak bilerak egiten ditu astero, interesa duen edonori irekita. Hurrengo topaketaren data eta tokia jakinaraziko dituztela adierazi dute.