Dementziak eta alzheimerra dutenei zuzendutako Senide proiektuak irabazi du On Ekin 2023 Saria
Epaimahaikideek hala erabakita, On Ekin 2023 Saria (2.000 euro) SENIDE proiektuarentzat izan zen, dementziak eta alzheimerra dutenei zuzendutako ChatBot zerbitzuarengatik. Ekitaldian parte hartu zutenen botazioaren bidez erabaki zen Herritarren Saria, berriz, On Natura izeneko ekimenari eman zioten. Proiektuak Debabarrenean izaera jasangarria duen turismorako proposamena da, ingurumenaren sentsibilizazioa, jasangarritasuna eta ingurumenarekiko errespetua sustatuz, eta pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzen lagunduz. Herritarrek ematen duten saria 1.000 eurokoa da, 5 euro gehituta ekitaldian parte hartu zuten izen-emate bakoitzeko. Antolatzaileen berbetan, “sari-banaketa eta gero, bertaratutako guztiek iritziak elkartrukatzeko aukera izan zuten, Baratze Gourmet jatetxeak egindako pintxo sorta eder baten inguruan. Ekingune Elkartetik eskerrak eman nahi dizkiegu Eibarko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Berrikuntza eta Enplegu Sailari, epaimahaikideei, gure babesleei eta bazkide guztiei”.