Dena dago prest asteburuan Galiziako nortasun kulturala harrotasunez ospatzeko

Eibarrek asteburu honetan ospatuko du 41. Galizieraren Letren Eguna (Día das Letras Galegas). Horretarako, As Burgas Galiziako Etxeak hiru egunetarako jai-egitaraua prestatu du, Eibarko Udalaren eta Galiziako Xuntaren laguntzarekin. Gaurtik hasita domekara bitartean burutuko diren jarduerek, Urkizuko parkea Galiziako kulturaren eta euskal tradizioaren arteko topagune bilakatuko dute aurten ere.
Dena dago prest asteburuan Galiziako nortasun kulturala harrotasunez ospatzeko
2026/05/08 13:03
Silbia Hernandez Arrazola

Egitaraua gaur, maiatzak 8, hasiko da, arratsaldeko 19:00etan, jai-batzordearen tabernaren irekiera ofizialarekin eta haurrei zuzendutako animazioarekin. Ondoren, Os Galaicos eta Eibarko Trikitilarien eskutik egingo den gaita-poteoak kaleak girotuko ditu. Eta, gauean, Ritmo Joven orkestrak musika eta dantzaldia eskainiko ditu, 22:00etatik 00:30era. Ohikoa denez, gauerdian etenaldi labur bat egingo dute, queimada prestatu eta banatzeko. 
Zapatuko jardunaldia goizetik hasiko da, haurrentzako giltzen (chaves) jaurtiketa mistoarekin. Egunean zehar herri-kirolak eta igel-toka txapelketak izango dira, eta arratsaldean helduentzako giltzen jaurtiketa ere egingo da. Arratsaldeko 18:30ean, Galiziako dantza eta musika erakustaldia egingo da, Os Galaicos eta Eguzki-Fole gaitari taldearen eskutik. Gaueko eskaintza musikalak Solara orkestraren emanaldia izango du ardatz, berriz ere gauerdian egingo du- ten queimada tradizionalarekin lagunduta. 
Domekan, maiatzaren 10ean, kulturarteko topaketak izango du protagonismoa. Eguerdian, Galizia eta Euskal Herriko musika eta dantzak uztartuko dira Kezka dantza taldearen, Eibarko Trikitilarien eta Os Galaicosen emanaldian. Ondoren, lore-eskaintza egingo da Castelaoren monumentuaren aurrean eta, jarraian, jaien antolatzaileek agintariekin hamaiketakoa edo bazkari arina egingo dute. 
Arratsaldean, Odisea elkarteak mahai-jokoen erakustaldia eskainiko du, eta eguna Miren Gisasola DJaren musikarekin biribilduko da. Gauean, 22:00etan itxiko da jai-batzordearen taberna, eta horrekin batera emango zaio amaiera aurtengo edizioari. 
Horrela, beste behin, Eibarrek Galiziako kulturarekiko duen lotura estua ikusiko da, musika, dantza eta herri giroa uztartuko dituen jaian. 


42 urte Galiziako kulturari eusten 
As Burgas Galiziako Etxea 1984. urtean sortu zen, lagun talde baten eskutik. Ia guztiak galiziarrak ziren, baina sortzaileen artean bazeuden hemengoak ziren beste pare bat lagun. Gaur egun berrehun bat bazkide dauzka, tartean bazkideen seme-alabak diren dozena erdi gazte. 
Eibartar gehienontzat ezagunak diren jaiak antolatzeaz gain, urtean zehar ere hainbat jarduera antolatzen ditu Galiziako Etxeak. Urtero lehiaketak egiten dituzte: Gabonetako marrazki lehiaketa, mus txapelketa, mozorro lehiaketa Aratosteetan... 
Horrez gain, urtean behin irteeraren bat ere egiten dute, inguruko mendietara, edo beste tokiren bat ezagutzera joateko. Iaz, adibidez, Madrilera joan ziren, dantzara, horretarako gonbidapena jaso zuten eta. Izan ere, urtero jaietan Galiziako dantzak eta musika eskaintzen dituen Os Galaicos taldea, Eibarren ez ezik, Ermuan, Donostian eta beste hainbat tokitan aritzen da, Galiziako dantzak eskaintzen. 
Rosalia de Castro idazlearen 'Cantares Gallegos' lana gogoan
Galiziar Letren Eguna Eibarren maiatzeko bigarren asteburuan ospatzen den arren, Día das Letras Galegas delakoa maiatzaren 17an ospatzen da, berez. Asmoa galizieraz idatzitako literatura eta kultura omentzea eta sustatzea da. Eguna 1963an sortu zuen Real Academia Galega erakundeak, eta data hori aukeratu zuten 1863ko maiatzaren 17an Rosalia de Castro idazlearen Cantares Gallegos lana argitaratu zelako. Liburu hori galizierazko literaturaren berpizkundearen hasieratzat hartzen da. 
Horrela, urtero, egun horretan galizierazko idazle edo kultur-eragile bat aukeratzen dute, omentzeko. Eskolak, liburutegiak eta kultur erakundeak jardueraz betetzen dira eta, gainera, Galizian jai-egun ofiziala da.