Dena prest dago astelehenean Errege Magoei harrera egiteko
Urtero bezala, urtarrilaren 5ean ailegatuko dira Hiru Errege Magoak Eibarrera, eta dagoeneko dena prest dago merezi duten harrera egiteko. Beste urte batzuetan bezala, Ane Ferrer eta Leire Kareaga Eibarko Udal Margo Eskolako irakasleak, eskolako ikasle gazteen laguntzarekin, karroza apaintzeko lanean aritu dira eta, esan digutenez, iaz karrozaren diseinuaren gaia planeten lerrokadura izan bazen ere, aurten Ekialdera begira ipini dira, arabiar dekorazioarekin janzteko. Horrez gain, Ipuruako dantza emanaldirako eta Udaletxeko harrerako eszenatokiak ere beraiek atondu dituzte.
Astelehenean (urtarrilak 5) herriko kaleetan zehar kalejiran irten aurretik, 17:00etan Ipurua kiroldegian hasiko den dantza erakustaldiaz gozatuko dute erregeek. Ikuskizunean Eibarko Nele Dantza Eskolak, Ballet Eibarres-ek, Kaxak, Koak eta Ipurua Gimnasia Erritmikoko taldeek hartuko dute parte. Behin dantzak amaituta, 19:00etan irtengo da kabalgata, Untzagatik, Eibarko Udal Musika Bandaren musikarekin lagunduta. Herriko kaleetan zehar ibili eta gero, Untzagan amaituko da kabalgata eta, jarraian, Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek haurrei harrera egingo diete, udaletxeko patioan.



