Densiometria frogak Eibarren egiteko eskaera EH Bilduren ekimenez onartu dela adierazi du koalizioak

Hurrengo eskaera mamografiak egiteko gailua izango dela aurreratu dute.
Densiometria frogak Eibarren egiteko eskaera EH Bilduren ekimenez onartu dela adierazi du koalizioak
2025/02/10 17:38
eta kitto!

Eibarko EH Bilduk ohartarazi duenez, “EH Bilduren ekimenari esker, Eibarren densitometria frogak epe laburrean egin ahalko dira, hala onartua baitago abendutik. Rebeka Ubera EH Bilduko Legebiltzarkideak 2024ko urriaren 30ean Debabarreneko ESI-an densitometriako proba diagnostikoak egiteko teknologia ezartzeko proposamena egin zuen, egun horretan erregistratu zuen eskaera Legebiltzarrean, Osasun Batzordean eztabaidatzeko, alegia”. Diotenez, Debabarreneko ESI-an densitometro bat jartzea aztertzen aritu ziren urteetan, eta Eibarren ospitala martxan ipintzean bertan ezartzea aurreikusita zegoen, “baina erabakia atzeratu egin zen, esandakoa ez zen bete, eta bere horretan geratu zen. Urteak igaro direnez, EH Bilduk komenigarria ikusi zuen Legez Besteko proposamena aurkeztea eta Osasun Sailari eskatu zion, Osakidetzarekin elkarlanean, ezar dezala Debabarreneko ESIan densitometriako proba diagnostikoak egiteko teknologia. 2024ko abenduaren 2an onartu zen Legebiltzarrean eskaera hori”.
Adierazi dutenez, “hurrengo eskaera, mamografiak egiteko gailua izango da. Kasu honetan ere, emakumeok Donostiako onkologikora mugitu behar dugu: adinekoak, egoera zaurgarrian daudenak, eta baita paziente bakoitzak duen egoera aintzat hartuz ere, Donostiara joateak suposatzen duenarekin”. Densitometria, Eibarren egiteko aukera izango dugu. Herritarren asistentzia kalitatea hobetzen jarraitu nahi dugu eta baita ingurumenean inpaktua gutxitzea ere, eta horregatik,  froga bat egiteko Donostiaraino joan behar ez izatea eskatzen dugu”.