Deporreko xakelari batek irabaziko du Gipuzkoako 3. mailako txapela

Raul eta Yerai Fernandez aita-semeak eta Mikel Saenz ari dira garaikurraren lehian
Deporreko xakelari batek irabaziko du Gipuzkoako 3. mailako txapela
2025/11/04 16:45
eta kitto!

Eibarko Klub Deportiboko xake jokalariek maila bikaina dihardute erakusten Gipuzkoako Bakarkako 3. Mailako Xake Txapelketan. Azken bost astean zehar Elgoibarren jokatu da txapelketa hau eta, azken partidaren faltan, Raul Fernandez da liderra 3,5 punturekin. Bere atzetik Yerai Fernandez eta Mikel Saenz ditu, 3 punturekin. Beraz, euren artean erabakiko da nor den Gipuzkoako txapeldun berria eta nortzuk izango diren mailaz igotzeko txartela lortuko dutenak.

Txapelketaren azken txandan, Raul eta Yerai Fernandez aita-semeen arteko partida jokatuko da, eta bigarren mahaian Mikel Saenz eta Unax Andreu arituko dira nor baino nor.

Deporreko gainontzeko jokalariek ere txapelketa bikaina egiten dihardute eta urtarriletik aurrera jokatuko den taldekako ligarako prestatze-fase hau modurik ederrenean amaitu nahi dute.