Domekan bizikleten bigarren eskuko azoka egingo da Untzagan

Garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Eibar-Arrate autobus-zerbitzua doan izango da domekan bertan
Domekan bizikleten bigarren eskuko azoka egingo da Untzagan
2024/09/20 13:05
eta kitto!

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez, Europako Mugikortasunaren  Astearekin (SEM) bat egingo du aurten ere, domekan, irailaren 22an, Kotxerik Gabeko Nazioarteko egunean, egingo diren hainbat jarduerarekin

Egun horretan, irailaren 22an, domeka, bizikleten eta mugikortasun jasangarriarekin lotutako objektuen bigarren eskuko azoka egingo da goizean, azokaren ondoan, ohi bezala, bizikletak konpontzeko tailer bat ere egongo da Eibar Klub Deportiboak antolatuta, non bizikleten oinarrizko konponketak eskainiko diren. Merkatua Untzaga plazan izango da 10:00etik 14:00etara bitartean. Azokan parte hartzeko eta bizikletak edota bestelako objektuak lagatzeko hitzordua eskatzeko, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea www.merkabi.eus/eibar estekaren bidez, edo 943 67 02 49 telefonoaren bidez. Parte-hartzea doakoa da.

Era berean, arratsaldean, Eibar Klub Deportiboak bide-hezkuntzako haurrentzako zirkuitu bat eta ginkana bat antolatuko ditu Untzaga plazan (euria egiten badu Astelena pilotalekuan izango da). Jarduera hauek 5 eta 12 urte bitarteko haurrentzat izango dira.

Parte hartu ahal izateko, ezinbestekoa izango da bizikleta edota patinetea eramatea. Ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.

Azkenik, irailaren 22an bertan, ‘Autorik Gabeko Eguna’ egingo da; horretarako, eta garraio publikoaren erabilera sustatzeko helburuarekin, Eibar-Arrate autobus-zerbitzua doan izango da.

Kanpaina honen antolaketa Eibarko Udalak urtarrilaren 30ean onartutako 2022-2030 aldirako Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planaren (KEJEP) neurrien barruan kokatzen da. Plan horretan, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta klima-aldaketaren ondorioak arintzeko hainbat neurri eta jarduera-ildo jasotzen dira.