Dorleta Urretabizkaia, antzezlea: "Jendeak komedia on bat eskertu egiten du"
- Zelako istorioa kontatzen duzue "Terapiak" antzezlanean?
Esperientzia berriak ezagutu nahi dituen bikote gazte batek internetera jotzen du, txat batera, eta bertan egindako zita abiapuntutzat hartuta, hortik aurrera gauza mordoa gertatuko zaizkie. Zita horretatik abiatuta biek terapia egingo dute. Lanean bikoteen harremanez, arazoez eta beste hamaika konturen inguruan egiten da berba, komedia klabean, umore puntu batekin.
- Eta nolakoa da zure pertsonaia?
Pruden mundu seguru batean, beldur bariko munduan bizi den neska da. Kontakizun honetan, txataren kontua dela-eta, erabat ezezaguna egiten zaion atea zabalduko zaio pare-parean eta ez daki nola erreakzionatu gertatzen zaizkion egoera berri horien aurrean. Maitasunaren bila dabil eta, kasu askotan, berak bizi dituen egoerekin identifikatzea erraza egiten zait.
- Orain arte nolako harrera izan du antzezlanak?
Martxoan Donostian estreinatu genuen eta oso harrera ona izan zuen. Bestela, estreinaldietan izaten den oihartzun horretatik kanpo ere, taularatu dugun antzokietan jendeak ondo pasatzen du. Badauka Woody Allen-en lanen umore puntu hori, beraz hori gustoko dutenek ederto pasatzen dute orokorrean.
- Lana euskeraz eta gazteleraz, bietara egiten duzue. Alde handia dago?
Zalantza barik, benetan ere alde handia dago. Euskeraz jardun edo gazteleraz jardun, pertsonaia aldatu egiten da nahitaez, nire ustez hizkuntzak erritmoa, musikaltasuna… aldatu eta baldintzatu egiten ditu.
- Antzerkia ikusten barre egitea terapia ona dela uste duzu?
Antzerki mota ezberdinak gustatzen zaizkit, baina komedia on bat, gure buruaz barre egitea oso ona da, jendeak eskertzen du.