“Dugun penarik handiena Walterrek lana amaituta ikusi ez izana da, demaseko ilusioa zuen diskoarekin”
Bigarren diskoa kaleratu dute Aintzane Agirrebeña eta Mirari Azkune trikitilariek: ‘Geuretik’. Bidea ez da erraza izan, ezta motza ere, 2019an ekin baitzioten diskoaren grabaketari. Maitasun eta esfortzu handia eskaini diote lan berriari, eta orain CD eta pen-drive formatuetan eskuratu daiteke Arrate Irratian eta Klub Deportiboan.
Arraterekin lotura berezia dute bai Aintzanek bai Mirarik eta toki egokia iruditu zaie elkarrizketa egiteko. Ez dugu Arrateko jaietan zuzenean entzuteko aukera izango, baina Zarauzko Euskal Jaian egongo dira hurrengo egunean, astelehenean.
Nolako diskoa da ‘Geuretik’?
AINTZANE: Diskoak 14 kantu ditu. Trikitilariak garenez, trikitixa giroko diskoa da, baina abestutako kantu asko ditu. Bioi asko gustatzen zaigu kantatzea, eta rantxerak eta kantu ezagunen bertsioak egin ditugu.
MIRARI: Abesti batzuk guk sortu ditugu eta beste batzuk bertsioak dira, erritmo ezberdinetakoak.
Zergatik ‘Geuretik’ izenburua?
AINTZANE: Batetik, kantu batzuk geuk sortuak dira, baita letrak ere. Bestetik, trikitixa gure musika da, gure sustraietatik datorren musika. Eta azkenik, gure aldetik jendeari eskaini nahi diogu disko hau. Beraz, horregatik jarri diogu ‘Geuretik’.
Oso disko pertsonala da, beraz.
MIRARI: Bai, azkenean abesti guztiak guk sortuak edo bertsioak izan, guretik lantzen ditugu, gure egiten ditugu.
Diskoa grabatzeko “ibilbide luze samarra” igaro behar izan duzuela aipatu izan duzue. Zergatik?
MIRARI: 2016an lehen diskoa grabatu genuen, ‘Bidea hauspotzen’, eta antzeko prozesua jarraitu dugu. Lehenengoan, Bizkaiko Trikitilari Elkarteak maketa lehiaketa antolatu zuen eta erdi-brometan erdi-serio parte-hartzen saiatuko ginela esan genion elkarri. Hiru kantu aurkeztu behar ziren eta sei sortu genituen, gero gehiago, eta diskoa grabatu genezakeela ikusi genuen.
AINTZANE: Maketa Lehiaketarako abestiak grabatzeko Legarreko estudiora heldu ginen kasualitatez eta handik sortu zen lehen diskoa egiteko ideia. Bigarrena egiteko, Legarreko teknikaria zen Walter Tuzzeorekin oso harreman estua genuenez eta azkenengo urteetan hainbat jaialditarako eta txapelketarako hainbat kantu prestatu genituenez, grabatzea merezi zuela pentsatu genuen.
MIRARI: Lan handia egin genuen kantu eta letra horiek sortzeko, eta jaialdi batean jotzen duzunean abestia hor gelditzen da bakarrik.
Grabaketa prozesu betean zenbiltzatenean, Walter Tuzzeok bat-batean laga gintuen. Nola bizi izan zenuten hori?
MIRARI: 2019an Walterrengana joan nintzen pare bat abesti grabatzeko asmoarekin eta jarraian pandemia etorri zen, gero estudioa itxita egon zen obrengatik, eskua apurtu nuen ondoren...
AINTZANE: Hainbat gauza gertatu ziren eta geldirik egon ginen denbora askoan, grabatu barik. Iaz berriz hasi ginen serio eta, Walterrena gertatu zenerako, dena grabatuta genuen. Berak esaten zuen astebeteko lana falta zitzaiola diskoari.
MIRARI: Maketazioa bakarrik falta zen eta Walterrena gertatu zen. Dugun penarik handiena Walterrek lana amaituta ikusi ez izana da. Azkenean, diskoa ez da gurea bakarrik, berak musika-tresna asko jo baitzituen. Horrez gain, hainbat gauzatan asko lagundu zigun, aholku ugari emanez.
AINTZANE: Walterrek demaseko ilusioa zuen diskoarekin. Teknikaria izateaz gain, laguna zen eta ilusio guztia jarri zuen proiektu horretan. Pena handia izan zen.
Walter Tuzzeoz gain, beste musikari batzuen laguntza jaso duzue. Nolako ekarpena egin dute?
AINTZANE: Kantuak jaialdietan jo izan ditugunez, kasu batzuetan jaialdi horietan beste lagun batzuekin hartu dugu parte eta diskoan ere egon dira: Zaloa Zenarruzabeitia, Eugenio Gisasola ‘Lutxurdio’, Miren Errasti eta Agurtzane Mujika. Bestalde, Iñaki Ortegak ere parte hartu du.
Hainbat abesti sortu dituzuela aipatu duzue. Nolakoa izan da sorkuntza prozesua?
AINTZANE: Trikitixak eta solteko piezak txapelketetarako sortzen ditugu batez ere, estresarekin eta ahal den moduan (barreak).
MIRARI: Ni abestien musikaz arduratzen naiz eta Aintzane letrez. Elkarlana da eta zerbait sortzen dudanean bidali egiten diot. Bertsioei dagokienez, abesti bat gustatzen bazaigu eta horrekin zerbait egin daitekeela ikusten badugu, aurrera egiten dugu. Batzuetan abestiak berez etortzen dira, dutxan edo lo egiteko zaudela, eta ohetik jaiki eta grabatu egin behar izaten duzu.
AINTZANE: Niri letra asko ohean nagoenean etortzen zaizkit eta, ez baditut momentuan apuntatzen, hurrengo egunean ez naiz akordatzen.
Zergatik egin duzue diskoa CDan kaleratzeko hautua?
AINTZANE: Horren inguruan ez dugu asko pentsatu. Agian erromeriaren munduan dabilen jendea klasikoagoa delako egin dugu horrela, ez dakit.
MIRARI: Pen-drivean ere atera dugu. Jende askok musika autoan entzuten du eta askok ez dute CD irakurgailurik. Horregatik atera dugu pen-drivean ere, CDaren antzeko kaxan, kantuen letrekin baita ere. Bestalde, gure entzuleetako asko pertsona nagusiak dira eta CDak erabiltzen dituzte musika entzuteko.
AINTZANE: Diskoa kaleratu ahal izateko izan ditugun buruhausteen ondoren, argitaratzea nahikoa izan da guretzat.
Egindako lana ukitu ahal izatea ere berezia da, ala?
AINTZANE: Bai, eta abestien letrak guk egindakoak direnez, entzuleek eskura edukitzea gustatzen zaigu.
Nolako harrera izan du diskoak?
BIEK: Ona!
AINTZANE: Uda sasoi berezia da eta inguruko jende batek agian oraindik ez daki diskoa kaleratu dugunik ere, baina orain arte lore asko jaso ditut egindakoagatik. Pozik gaude.
Nolakoa izan da uda zuzenekoen aldetik?
AINTZANE: Aurtengo udan lasai ibili gara.
MIRARI: Maiatzean eta ekainean eskaini genituen zuzeneko batzuk, abuztuan ere baten bat, baina bestela lasai ibili gara.
AINTZANE: Bestela ere ez gara erromerietan topera ibiltzen. Gaztea zarenean errazago ibiltzen zara astebururo, baina orain gogorra izango litzateke. Oso gustora egiten dudan zerbait da, erromerietan asko gozatzen dut, baina astebururoko zerbait izango balitz, agian ez litzateke horrela izango.
MIRARI: Astero trikitixa eta pandero klaseak ematen ditugu eta, uneoro gauza berdina egiten ibiliz gero, agian nekatu egingo ginateke.
Trikitixa eta pandero irakasleak zareten neurrian, nola ikusten dituzue trikitixaren belaunaldi berriak?
MIRARI: Nik klaseak Bizkaian ematen ditut eta hango errealitatea agian ez da orokorrean ematen. Ikasle pila bat dago, urtero-urtero kupo guztiak betetzen dira eta jendea sartzeko zain gelditzen da. Gero, aurrera egin edo ez beste kontu bat izaten da, baina afizioa dagoela ikusten da.
AINTZANE: Nik klaseak Azkoitian ematen ditut eta oso herri trikitizalea da. Hara bizitzera joan nintzenean harritu egin nintzen, autoak trikitixa topera ipinita pasatzen zirelako. Gustua ematen du ikasleek zaletasun handia dutelako, baina gaur egun beste gauza batzuekin pasatzen den bezala, musika-tresna bat jotzeak sakrifizio handia eskatzen du eta gaur egungo gizarte ereduarekin asko kostatzen da trikitixarekin aurrera jarraitzea.
MIRARI: Herri handietan batez ere umeek eskolaz kanpoko ekintza ugari egiten dituzte, ez dute denbora askorik, eta soinua jotzeko denbora asko eskaini behar zaio. Askok pentsatzen dute urtebetez ikasi ondoren kalejiran irtengo direla, baina ez da horrela. Trikitixa ez da musika-tresna errazenetarikoa.