EAJ-PNV zaintza eredu berri baten alde egiteko prest agertu da
EAJ-PNVk elkarlanaren aldeko jarrera azaldu du. Mendicuteren arabera, funtsezkoa da gai honetan ados jartzea, “Euskadik, Gipuzkoak eta Eibarrek aurrera egiten jarrai dezaten. Eibartarrok ere eragile konprometituak izan behar dugu zaintza ereduaren eraldaketan”.
EAJ-PNVk aurkeztu duen mozioak honako eraldaketa-ardatzak eta zainketa-eredu berriaren oinarri diren printzipio hauek jasotzen ditu:
1.- Pertsona, zainketa-eredu berriaren ardatza. Arreta pertsonalizatua, unibertsala eta kalitatezkoa izateko eskubide subjektiboa bermatzea.
2.- Zainketen profesionalizazioa. Zaintza-modu formal eta informaletan diharduten langileen lan-baldintzak sendotzea eta hobetzea, elkarrizketa sozialaren bidez eta laguntza-sistema indartuz.
3.- Etxeko zaintza lehenesten duen sistema. Adineko hamar pertsonatik zortzik etxean bizitzen jarraitu nahi dute. Horregatik, etxeko zainketak hobetzea eta berrikuntza txertatzea beharrezkoa da, zaintza profesionalizatuz, familia-zaintzaileari lagunduz eta komunitatearen parte-hartzea indartuz.
4.- Sistema inklusiboa eta berdinzalea. Zaintzaren ardura emakumeek izan dute historikoki eta, horregatik, beharrezkotzat jotzen dugu desberdintasun-egoera hori konpontzeko neurriak hartzea feminismo konprometitu eta berdinzale batetik, baita arraza edo jatorri etnikoarekin lotutako diskriminazioekin amaitzeko ere, lanerako segregazioa eta desberdintasun sozialak murriztuz.
5.- Koordinazio soziosanitarioa areagotzea. Gizarte eta osasun sistemen arteko lankidetza handiagoa eta hobea izan behar da, erabiltzaileek arreta integrala jaso dezaten euskal administrazioaren aldetik, mendekotasuna, dibertsitate funtzionala, gaixotasun mentalen bat edota gizarte bazterkeriako egoeraren bat izan.
6.- Komunitatea indartzea. Giza garapen iraunkorrerako gune gisa komunitate-loturak indartzea, gizarte-kohesioa eta zaintzarekin konprometitutako erakunde, elkarte eta pertsonen parte-hartzea areagotuz.
7.- Zainketen iraunkortasuna eta kalitatea bermatzea. Eraginkorragoak izanda kudeaketa hobetzea, horretarako baliabide ekonomiko berriak aztertuz eta egungo zainketa-ereduaren bideragarritasuna eta etorkizuneko ongizatea bermatuko duten neurri fiskal berriak hartuz, belaunaldien arteko konpromiso berrituarekin.
8.- Zainketen elkarlaneko gobernantza. Zaintza publiko eta komunitarioko eredu bidezkoago, berdintasunezkoago eta erantzunkideago baten alde egiteak berekin dakar elkarlaneko gobernantzako mekanismo berriak antolatzea: publiko-pribatua, publiko-publikoa, publiko-komunitarioa.