Haurreskoletarako izen-ematea astelehenean irekiko du Eibarko Udalak
Eibarko Udalak astelehenean, martxoak 30, irekiko du haurreskoletarako ez-ohiko matrikulazio-epea Pegoran, eta apirilaren 10era arte egongo da zabalik. Udalak azaldu duenez, “prozesu honen helburua da eskariak ordenatzea, eta bermatzea familiek sarbidea izango dutela informaziora eta beren seme-alabak haurreskolan sartzeko planifikaziorako beharrezkoak diren baliabideetara, ohiko matrikulazio-epea hasi aurretik”. Data guztiak Haurreskolen Partzuergoarekin adostu dituzte.
Egutegiaren arabera, behin-behineko zerrendak apirilaren 20an argitaratuko dira. Udalaren esanetan, horrek aukera emango die familiei egindako eskaerak “behar bezala” erregistratu direla egiaztatzeko. Beharrezkoa izanez gero, apirilaren 21ean erreklamazioak edo zuzenketak aurkezteko aukera egongo da. Apirilaren 22an eskaerei uko egin ahal izango zaie, eta apirilaren 24an behin betiko zerrendak argitaratuko dira.
Era berean, jakinarazi dute ikasleek maiatzaren 4an abiatuko dituztela klaseak. Data horretatik aurrera, irailean hasiko den ikasturterako ohiko matrikulazio-epea irekiko da. Modu horretan, bi izen-emateen artean “trantsizio bat” egongo dela bermatzen dela adierazi du Udalak.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “udal honentzat familiak beti izan dira lehentasuna. Horregatik, benetako premiei erantzuteko prozesu argiak eskaintzeko xedez lan egiten dugu. Ez-ohiko matrikulazioak, eskarien onarpena ordenatzeaz gain, familien planifikazioa errazten du. Horrela, bermatzen da ume guztiek izango dutela zerbitzurako sarbidea, modu justu eta antolatuan”.
Iraolak gaineratu duenez, “udalak Jazinto Olabe eta Blas Etxeberriako lokalak egokitzeko duen konpromisoa mantentzen du, administrazio-prozedura guztiak betez eta aurreikusitako epeak errespetatuz, obrak egin bitartean eguraldiak eragin dituen atzerapenak gorabehera. Obrak Saileko taldeak arin eta arduraz lan egin du zentroak martxan jartzeko, eta Eibarko familiekin dugun konpromisoak lehentasuna izaten jarraitzen du”.
Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomia-Garapen eta Hezkuntzako zinegotziak adierazi duenez, “zerbitzu hauetarako sarbidea erraztea funtsezkoa da familia-kontziliaziorako, eta zuzeneko inpaktua du Eibarko familia askoren egunerokoan. Badakigu gai honek kezka sortzen duela familietan. Horregatik, saiatu gara gauzak ahalik eta azkarren egitea, ez-ohiko prozesu hau prest egon dadin eta eskaerak modu eraginkorrean bideratu daitezen. Lokal berrien bidez, erantzun zehatz bat emango dugu, eta bermatu egingo dugu umeak inguru seguru eta egoki batean egongo direla beren hasierako hezkuntza-urteetatik”.
Udalak jakinarazi duenez, ez-ohiko matrikulazio-prozesu hau haurreskolen sareko lokal bien egokitzapen-obren amaierarekin osatuko da. Udalaren arabera, lokalak dagoeneko Haurreskolen Partzuergoaren esku daude, martxan jarri eta kudeatu ditzan. Espazioak Jazinto Olaben —udal-ludotekaren ondoan— eta Blas Etxeberrian —El Cascoren eraikinetako baten etxabean— egokitu dira, hasierako etapetatik kalitatezko hezkuntza-zerbitzua eskaintzeko.
Obrek guztira 463.042,84 euroko inbertsioa izan dute, eta finantzazioa Europar Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren laguntzarekin egin da. Horrela, Eibarko udalak bermatu du umeek inguru seguru eta egoki batean hasi ahal izango dituztela hasierako hezkuntza-urteak.