Eibarko Mendiak Bizirik-ek agerraldia egingo du apirilaren 16an Batzar Nagusietan
Eibarko Mendiak Bizirik plataformak agerraldia egingo du apirilaren 16an Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordean, foru erakundeak eskaera onartu ondoren. Helburua izango da Basalgoko proiektu eolikoaren aurka milaka herritar mobilizatzera eraman dituzten arrazoiak zuzenean azaltzea ordezkari politikoei.
Plataformak azaldu duenez, aurreikusitako sei makroaerosorgailuek kalte ugari eragingo lituzkete Debabarreneko eta Debagoieneko bost udalerritan. Besteak beste, mendian tamaina handiko errepideak eraikitzea, haizerrota bakoitzerako hormigoizko plataforma erraldoiak egitea eta 13.000 zuhaitz erauztea ekarriko luke proiektuak. Horrez gain, landa-lurren eta basoen industrializazioa, hegazti mehatxatuen habitatetan izan dezakeen eragina, kultura-ondareari kalteak eta paisaiaren eraldaketa ere salatu dituzte.
Arrazoi horiek guztiak direla eta, 6.282 pertsonak sinatu dituzte proiektuaren aurkako alegazioak, eta orain azalpen horiek guztiak Batzar Nagusietan emango dituzte.
Proiektua salatuko dute, baita Korrikan ere
Bestalde, plataformak aldarrikapena kalera eramaten jarraituko duela iragarri du. Larunbatean Korrikarekin bat egingo du, Baso Biziak elkarteak lekukoa eramango duen erreleboan. Hitzordua Toribio Etxebarriaren hasieran izango da, anbulatorioaren parean, 21:50ean.
Herritarrei dei egin diete 21:15etik aurrera anbulatorioko parkean elkartzeko, banderolekin edo banderolik gabe, “gure mendiengatik eta gure hizkuntzagatik” korrika egiteko.