Egañaren hitzaldi jendetsua
“Zuetako nork pentsatzen du euskara ondo doala? Erdipurdi doala? Eta gaizki doala?”. Galdera horiekin ekin zion Andoni Egañak, martitzenean …eta kitto! Euskara Elkartean, ikus-entzule ugari bildu zuen hitzaldiari. Bertan bildutako gehienen ustez erdipurdi doa euskara. Egañaren esanetan “orain arte gauza asko egin dira, eta ondo gaiñera, baina hainbatetan ez dugu asmatu”. Ezagutza eta erabileraren artean gaur egun oraindik ere dagoen tarteak kezkatzen du Egaña: “Euskara inoiz baino jende gehiagok daki, baina erabilera ez da ezagutzaren parekoa. Zergatik? Inork ez du hizkuntza bat erabiltzen ez bada beharrezkoa eta trebe sentitzen ez bada. Euskaraz dakienak zergatik ez du euskara erabiltzen? Alde batetik premiarik ez duelako eta bestetik trebetasunik ez duelako. Dakienak erabilgarri senti dezala, hori da lortu behar duguna”. Eremu formaletan euskara asko indartu dela aipatu zuen Egañak, baina, “erabilera informalean asko galdu du aldi berean; gazteek ez dakite euskaraz mehatxatzen, adierazkortasuna falta zaie…”.
Euskarak aurrera egiteko gakoak ere eman zituen Andonik: “bi faktore hartu behar dira kontutan: hizkuntzaren baitako faktoreak (gramatika, lexikoa…) eta hizkuntzaz kanpokoak (hizkuntzarekiko sentimenduak). Biak ondo elkartzen asmatzen badugu orduan egingo du euskarak aurrera”.
Arlo guztietan eragiten jarraitu beharraren garrantzia azpimarratu zuen Egañak: “Familia, eskola, kalea, aisia eta hedabideak. Ezinbesteko alorrak dira eragiten jarraitzeko. Familiak aldatzen ari dira baina giltzarri dira euskararen transmisioan. Eskoletan izugarrizko lana egin da, aisian ere bai, baina hor adibidez, gehiago egin behar da, lehentasunezko eragin-eremua da gazte asko hartzen dituelako; eta hedabideei dagokienez, salbuespenak salbuespen, erabiltzen duten euskara berdintzailea da, beti denari berdin deitzera ohitzen gaituzte. Hor ere erabaki garrantzitsuak hartu beharko dira”.