PEDRO ARRILLAGA: “Egokia da perretxiko espezie jakin batzuk hartzera mugatzea, esperimenturik egin gabe”
Eibarko Klub Deportiboak XXIV. Jardunaldi Milogikoak antolatu ditu datozen egunotarako eta perretxikoen inguruko hainbat ekintza antolatu ditu. Besteak beste, Pedro Arrillaga Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologo adituak perretxiko jangarrien eta horien antzeko perretxiko toxikoen inguruko hitzaldia eskainiko du astelehenean, hilak 7, 19:00etan, Deporren.
Arrillagak ‘Perretxikoak ete euren toxizitatea’ izeneko liburua kaleratu zuen iaz, perretxiko toxikoen inguruan ospitalei laguntza eskaintzeko asmoz. Izan ere, osasun zentroetatik sarritan deitzen diote bere jakinduria baliatuz intoxikazioak egon direnean laguntzeko.
Zeren inguruan jardungo duzu asteleheneko hitzaldian?
Garrantzitsua da perretxikoak jasotzen ari direnei esatea egokia dela perretxiko espezie jakin batzuk hartzera mugatzea, inongo esperimenturik egiten ibili gabe. Milaka perretxiko daude eta oraindik ez dugu ziur batzuk jan daitezkeen ala ez. Beraz, normalean biltzen diren perretxiko jangarrien eta horien antzeko perretxiko toxikoen arteko alderaketa egingo dut hitzaldian. Izan ere, ez da bakarrik garrantzitsua perretxiko jangarriak zeintzuk diren ezagutzea, baizik eta horien antzekoak izan arren toxikoak direnak ere. Horrela gertatzen dira intoxikazioak eta hortik joko dut hitzaldian. Batez ere, gehien ematen den intoxikazioa nabarmenduko dut: hiltzaile berdearena (Amanita phalloides).
Perretxikoen inguruan uste faltsu asko daude hedatuta?
Bai. Adibidez, haragi gozoa duten russula onddo generoko perretxiko guztiak jangarriak direla esan izan da, baina frogatu da ez dela horrela eta gibeloliba, intoxikazio ugari sortzen dituen perretxikoa, toxikoa izan daitekeela erakutsi da. Ongi kozinatuta badago, jangarria da; baina kontsumitzen ditugun beste espezie asko bezala, gordinik jaten badugu, toxikoa da. Beste uste faltsu batzuk hauek dira: egurrezko takoietan hazten diren perretxikoak jangarriak direla, zelaietan hazten diren perretxikoekin berdin, perretxiko pozoitsu guztiek zilarrezko txanponak edo koilarak belzten dituztela (hiltzaile berdeak ez ditu belzten eta pozoitsua da), bareek hozkatutako perretxikoak jangarriak direla, mozterakoan urdintzen diren onddo guztiak toxikoak direla, usain eta zapore atsegina duten perretxikoak jangarriak direla (hiltzaile berdeak jan dituztenek esan digute oso gozoak daudela, baina hilgarriak dira), egosiz gero perretxiko pozoitsuak jangarriak direla, bolba eta eraztuna duten perretxikoak bakarrik direla pozoitsuak (kuletoa edo Amanita caesaren kasuan uste hori okerra da, bolba eta eraztuna baititu eta jangarria baita), perretxikoen albotik suge bat pasatzen bada perretxikoa pozoitu egiten dela… Astakeria asko esaten da perretxikoen inguruan. Bestalde, uste ohi da landa eremuetan edo baserrietan bizi den edonork perretxikoen jakintza osoa duela, eta gerta daiteke horrela ez izatea. Beraz, ez fidatu ehuneko ehunean. Horrez gain, badago demaseko astakeriak egiten dituen jendea ere. Adibidez, apustuengatik perretxiko pozoitsuak jaten dituztenak, bikoteari perretxiko toxikoak ematen dizkienak zer gertatzen den ikusteko… Izugarria.
Gaur egun dagoen informazioarekin eta zuek egiten duzuen dibulgazio lanarekin, intoxikazio kasuak murriztu egin dira?
Urtero 200-300 intoxikazio gertatzen dira Espainia osoan. Gehienak intoxikazio txikiak izaten dira, baina dozena bat kasu inguru nahiko larriak izaten dira. Espainiako toki batzuetan jaitsi egin da intoxikazio kopurua. Gurean, adibidez, jendeak kultura mikologikoa du eta esaten zaionari jaramon egiten dio. Beste toki batzuetan, ostera, esan daiteke aurkitzen duten edozein gauza jaten dutela. Batzuek uste dute, intoxikatzen badira, medikuek sendatuko dituztela eta kitto.
Intoxikazioak daudenean, zeintzuk izaten dira ohiko sintomak? Zenbat denbora pasatzen da sintomak igarri aurretik?
Espeziaren araberakoa da hori. Sindromeak bi modutan banatzen dira: latentzia motzekoak (6 ordu artekoak) eta luzekoak (6 ordutik aurrerakoak). Orokorrean, latentzia motzekoak arazo gastrointestinalak, alergikoa edo horrelako sindrome sinpleak izaten dira, salbuespenak salbuespen. Bestalde, denbora luzeko intoxikazioak hepatotoxikoak izaten dira, salbuespenak salbuespen kasu horretan ere.
Perretxikoak jasotzeko orduan teknika jakin bati jarraitzea komeni da?
Bai, perretxikoak ez dira moztu behar, oso-osorik atera behar dira. Intoxikazio kasu gehienak perretxikoak moztu izanagatik gertatu dira. Adibidez, perretxikoak mozteagatik jendeak hiltzaile berdeak gibelurdinekin nahasten ditu.
Perretxiko ohikoenekin ere ezustekoak gerta daitezke, ezta? Irakurri dizugu gaizki kozinatutako shiitakeak ez direla gomendagarriak.
Bai, hori egia da. Shiitakeak gordinik janez gero, dermatitis flagelatua sor dezakete eta gorputza markaz beterik lagatzen dute. Ez da larria, baina tira. Beste perretxiko batzuek, gordinik janez gero, beherakoa edo tripako-mina sor dezakete.