Eguenean egingo da ‘On ekin’ gala, Errebal Plazan

Urko de la Torre eta Ian Blanco izango dira hitzaldiko gonbidatuak
Eguenean egingo da ‘On ekin’ gala, Errebal Plazan
2025/10/28 10:56
eta kitto!

Ekintzailetza, berrikuntza eta sormen gaitasuna izango dira protagonista On Ekin Sariak 2025 ekimenaren azken jardunaldian. XIII. edizio honetako gala eguen honetan egingo da Errebal Plazian.

Topaketa 17:00etan hasiko da harrerarekin. Ondoren, 19:00etan, ekitaldi nagusia abiatuko da Urko de la Torre eta Ian Blanco ADI Revolution eta Insólito proiektuen sortzaileek eskainiko duten hitzaldiarekin. Bi ekintzaile hauek industriaren esparruan nabarmen egin dute aurrera, eta euren esperientziak, erronkak eta ikaskuntzak gertutik partekatuko dituzte.

Hitzaldiaren ostean, aurkezpenen txanda iritsiko da: finalistak izango dira oholtza gainean, aurtengo sari-banaketaren erdigune. Bertaratutakoek botoa emateko aukera izango dute, eta horrek erabakiko du publikoaren saria.

Ekitaldiak sari banaketarekin eta networking afariarekin emango du amaiera. Edizio honetako nobedade gisa, aurten bi sari banatuko dira: batetik, ohiko ‘On Ekin’ saria (2.000 eurokoa), epaimahai batek erabakiko duena eta Laboral Kutxak eta Gaztenpresak finantzatua dena. Eta bestetik, ‘Herritarren saria’ (1.000 eurokoa), Errebaleko ekitaldira bertaratzen direnek aukeratuko dutena eta Eibarko Udalak finantzatua dena.