Ehundik gora lagun elkartu dira pentsio duinen aldeko asteroko elkarretaratzean

Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aldeko sinadurak biltzen aritu dira gaur ere.
Ehundik gora lagun elkartu dira pentsio duinen aldeko asteroko elkarretaratzean
2025/02/24 18:55
eta kitto!

Eibarko Pentsionista Taldeak antolatuta, pentsio duinen aldeko asteroko elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian, Untzagan, 109 lagunen parte-hartzearekin. Azken asteotako martxari jarraituta, Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aldeko sinadurak biltzen aritu dira gaur ere. Orain arteko harrera ona izan bada ere, gaiak duen garrantzia dela eta, HEL-aren alde bere sinadura oraindik eman ez dutenak sinatzera animatu nahi dituzte, eta datorren astelehenean ere Untzagan sinadurak biltzen egongo direla adierazi dute.
Bestalde, Gipuzkoako Pentsiodunak (GIPE) eta Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimendua (EHPM) osatzen dutenek, azken hamarkadetan Espainiako pentsio sistema publikoan egin diren aldaketa guztiak agiri batean laburbildu ditu, horietako bakoitzak nolako eragina izan duen azaltzeko. Nabarmendu dutenez, “aldaketa horiek nabarmen eragin diote erretiro-pentsioa kobratzen hasi den pertsonari”. Hori dela eta, herritar guztiak informazio hori irakurtzera gonbidatu nahi dituzte, “besteak beste pentsiodunen zazpi urteko borroka hobeto ulertzeko”. Informazio guztia laburbiltzen duen dokumentuaren PDF-a irakurri edo gordetzeko HEMEN SAKATU.