Eibar BHI-ko ikasleek umeentzako jokoak eskainiko dituzte barixakuan Untzagan

Eibar BHI-ko ikasleek umeentzako jokoak eskainiko dituzte barixakuan Untzagan
2023/06/12 10:03
eta kitto!
Eibar BHI-ko Batxilergoko 1. mailako ikasleak oporretan daude, baina datorren ikasturtera begira jarri dira dagoeneko. Izan ere, ikasbidaia egingo dute hurrengo urtean eta bidaia finantzatzeko zenbait ekintza prestatu dituzte. Horien artean, San Juan jaien egitarauaren barruan, hilaren 16ko arratsaldean (16:30etik 19:45era), umeentzako zerbait berezia prestatu dute.

Haizea Ibarra, Jone Aldai, Ganix Guenaga eta Nora Entrena ibili dira ekintza berezi hori antolatzen eta horren helburua eta berau prestatzeko lanak nolakoak izan diren kontatu dizkigute (Nora ezin izan zen gurekin egon, gaixorik baitzegoen).

Zer prestatu duzue hurrengo barixakurako?

Sanjuanetako egitaraua lehenago hasteko, umeentzat propio zerbait berezia eskaintzeko, umeen artean euskararen erabilera bultzatzeko eta eskola ezberdinetako umeak elkar ezagutzeko ekintza ezberdinak egingo ditugu.

Zein ekintza?

Untzaga bi zatitan banatuko dugu. Alde batean, kirol aktiboak egingo ditugu; hala nola, ‘banpiro’, ‘arto bilketa’ eta ‘ur jokoak’. Eta beste aldean, sormena landuko dugu batez ere. Adibidez, aurpegiak margotzeko eta atzazkalak margotzeko aukera egongo da. Horrez gain, musika jarriko dugu eta zain dauden umeentzat mural bat jarriko dugu lurrean margotzeko.

Zein adinetako umeentzat egongo da zuzenduta?

Herriko eskoletara joateko asmoa dugu ekintzaren berri ematera. Beraz, pentsatzen dugu Lehen Hezkuntzako umeentzat egongo dela zuzenduta batez ere, baina Haur Hezkuntzako nagusienek ere parte hartu ahal izango dute seguruenik. Azken batez, ekintzan parte hartu nahi duten umeak etorri ahal izango dira.

Nola hartu ahal izango da parte? Izena eman behar da? Bertan agertzearekin nahikoa izango da?

Untzagako gunea hesiekin itxiko dugu eta sarrera moduko bat jarriko dugu. Orduan, bertan sartzeko bi euro ordaindu beharko da eta ekintza guztietan parte hartzeko aukera izango dute.

Izan ere, honek guztiak beste helburu bat ere badauka zuentzat, ezta?

Bai, gure helburua ikasbidaiarako dirua lortzea da. Horregatik, eskoletara joango gara umeei gure asmoen berri ematera, baina lehenik gurasoen elkarteekin jarriko gara harremanetan, umeekin egon behar garen egun horretan bertan sarrerak erosteko aukera izango dutenez, dirua eraman dezaten. Bestela, barixakuan bertan sarrera erosteko aukera egongo da. Barixaku gauean Su Ta Garren kontzertua egongo denez, pentsatzen dugu giro ona egongo dela Untzagan.

Nola moldatu zarete hori guztia prestatzeko?

Ideia pentsatzea ondo dago, baina hori errealitate bihurtzea nahiko gogorra izan da. Egunean bertan ez dugu guk bakarrik dena egingo, 35 lagun inguru izango ditugu laguntzen (umeak antolatzen, ekintzak egiten…), bestela laurok ezingo genukeen dena egin. Izan ere, jende asko etorriko dela espero dugu. Hasieran gauza erraza izango zela pentsatzen genuen, baina aurrera egin ahala oztopoekin egin dugu topo eta ordu asko sartu behar izan ditugu aurrera egiteko. Hori bai, oso pozik geratu gara lortu dugunarekin. Ea nola irteten den.

Udalarekin egin behar izan duzue berba baimenak, materialak eta abar lortzeko?

Bai, baimena eman behar izan digute, eta megafonia eta hesiak lagako dizkigute, baina ekintzetan erabiliko den materiala guk jarriko dugu.

Antzeko ekintzarik egin duzue ikasbidaiari begira?

Normalean, dirua biltzeko, gauzak saltzea da jendeari okurritzen zaiona. Horrela, merkatu plazan egin zen bigarren eskuko azokan egon ginen eta nahiko diru bildu genuen. Sanjuanetan eta Sanandresetan ere gauzak saltzeko asmoa dugu, baita rifak ere, baina gurea bezalako ekintzarik egitea inori ez zaio okurritu. Herri izaera eman nahi izan diogu ekintza honi eta euskara bultzatzeko balio dezala. Izan ere, gero eta arazo gehiago ikusten ditugu euskararekin eta umeekin. Beraz, polita izan daiteke.

Esperientzia honetatik zer ikasi duzue?

Alde batetik, ez dela hain erraza (barreak). Baina bestetik, Udalari eskakizuna egiten ikasi dugu, adibidez. Eta orain, eskoletara joango garenez, umeekin lehen harreman zuzena edukiko dugu. Esan bezala, ez da erraza, baina gauzak egiteko gogoarekin dagoen jendearekin bilduz gero, gauzak aurrera eramaten dira. Begira, maiatzaren erdialdean bururatu zitzaigun hau egitea, azterketak hastear zeudela, eta hiru aste besterik ez genuen gauzak martxan jartzeko, baina jendea prest egon da eta lortu dugu.