Eibar eta Ermua arteko bidegorria eraikitzeko lan-mahaia sortu dute

Obra horrek planteatzen dituen arazo administratiboei aurre egiteko jarri dute martxan talde-teknikoa
Eibar eta Ermua arteko bidegorria eraikitzeko lan-mahaia sortu dute
2025/01/23 14:01
eta kitto!

Joan den ostiralean Eibar, Ermua eta Zaldibarko alkateak elkartu ziren lehen bi herriak lotuko dituen eta hirugarrenetik pasako den bidegorriaren proiektuari buruz berba egiteko. Radio Eibar - Cadena SER irrati-kateak adierazi duenez, hiru udaletako ordezkarien arteko bilera harmonia onean gertatu zen eta bide horretan jarraitzeko gogoa erakutsi zuten. Horrela, 2022az geroztik geldirik dagoen proiektuan aurrera egiteko lan-mahai teknikoa martxan jartzea adostu zuten.

Jon Iraola EIbarko alkatearen adierazpenen arabera, “martxan jarri nahi dugu, eta dauden arazoak eta udal bakoitzak zein betebehar dituen ikusi. Izan ere, Ermuak eta Eibarrek obra hau gauzatzeko interesa dugu, herri bien arteko komunikazioan demaseko hobekuntza ekarriko lukeelako”.

 

Arazo administratiboak

Lan horrek ekarriko lituzkeen arazo administratiboei begira, alkateek diote Zaldibarrek aurre egin beharko lituzkeen izapide administratiboak izango litzatekeela oztopo handienetako bat.

 

Aurrekariak

Proiektua 2019an jarri zen martxan, Verter Recycling enpresak Zaldibarko Udalari Ibur Erreka industrialderako sarrera hobetzea eskatu zionean, kamioiek zebra-bide bat inbaditu behar baitzuten.

Hala, Zaldibarko Exekutibo ohiak Bizkaiko Foru Aldundiari helarazi zion gai hori, eta foru exekutiboak bidegorriaren proiektua egitea adostu zuen. Proiektu horrek barne hartzen ditu industrialderako sarbidea hobetzea, BI-3344 errepidearen zati hori lagatzea eta diru-laguntza.

Dokumentu horren arabera, oinezkoak ibaiaren aldetik bakarrik pasako lirateke eta ez errepidearen bi aldeetan orain arte bezala. Horrela, ibaiaren ondotik oinezkoak pasako lirateke, alboan egon litzatekeen bidegorri batean txirrindulariak, eta zintarri txiki baten atzetik galtzada joango litzateke.

Udalen arteko negoziazioek aurrera egin zuten, eta 2022an hitzarmen bat egin zen. Hitzarmen horren arabera, Zaldibarrek foru-finantzaketak estaltzen ez dituen gastuen %20 eman beharko luke, eta Ermuak eta Eibarrek gainerako %80 ordainduko lukete, zati berdinetan.

Azaroan onartu zuen Zaldibarko udalbatzak erabaki hori, baina gaur-gaurkoz ez Ermuak ez Eibarrek ez dute halakorik egin. Zaldibarko exekutibo ohiaren iturriek adierazi dutenez, une hartan Ermuko Udala izan zen auzi hori "geldiarazi" zuena, eta Eibarko Udala "erabateko prestutasuna" erakusten ari zen.

Hain zuzen ere, hitzarmen hori da lan-mahai berri honek jorratu beharreko gaietako bat, zehazki, errepide-zati horretako mantentze-lanak, Eneritz Azpitartek azaldu duenez. Hala ere, ez ditu zalantzan jartzen gastuei egin beharreko ekarpenen ehunekoak.