Eibar, ia jaiotzarik ez duen herria
Eibarko biztanleriaren zati handi bat Eibartik kanpo jaio da, dela Mendaroko ospitalean, dela Donostian, Gurutzetan edo beste herrialde batean. Pagei kaleko amaetxeak ateak itxi zituenetik, gutxi dira herrian jaio direnak (etxean sortu direnak, adibidez), euretako askoren NAN-ean jaioterria Eibar jartzen duen arren. Orain, ostera, ezin da aldatu eta jaiotzen erregistroa haurraren jaiotza-lekura mugatzen da.
Erregistro Zibilaren 20/2011 Legearen ondorioz eman da aldaketa hori eta ezinegona sortu du hainbat gurasoren artean. Izan ere, ez dute ulertzen zergatik ezin dituzten euren seme-alabak beraiek bizi diren udalerrian jaio direla bezala inskribatu, orain dela urte batzuetara arte egiten zen bezala. Horren inguruko zalantzak argitzeko, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiarekin harremanetan jarri gara eta gure galderak Carlos Cordero Bilboko Erregistro Zibileko arduradunari igorri dizkiote.
Corderok esan digunez, Erregistro Zibila, tradizioz, lurralde-erregistroa izan da. Hau da, inskriba daitezkeen egitateak (jaiotzak, ezkontzak, heriotzak…) gertatzen diren tokiaren arabera sartzen dira liburuetara. “Antzina, Erregistroko liburuak paperezkoak ziren, eta beharrezkoa zen interesatuak gertakizuna gertatzen zen herriko bulegora joatea idazpena edo edozein ziurtagiri eskatzera, bulego horretan bakarrik zaintzen baitzen liburua”, bere berbetan.
1991. urtean, jaiotzei buruzko printzipio hori aldatu egin zen herritarrei lagundu asmoz. “Hala, gurasoak bizi ziren herriko bulegoan eman ahal izan zen izena, eta, gerora, lekualdatu beharrik gabe eskuratu ahal izan ziren ziurtagiriak”, azaldu digu Corderok. Gainera, lana kentzen zitzaien ospitale handiak (Gurutzeta, Basurtu…) zeuden herrietako erregistroei, inskripzio- edo ziurtagiri-eskaeraz beteta zeudelako. Horretarako, ‘fikzio legala’ erabiltzen zen, jaio berriak gurasoak bizi ziren tokian ‘jaiotzen’ zirela adieraziz. “Horrela bakarrik errespeta zitekeen lurralde-eskumenaren printzipioa”, letraduaren berbetan.
Gaur egun, teknologia berriei esker, liburuak digitalak dira eta sarearen bidez eskura daitezke. “2011n Erregistro Zibilaren lege bat argitaratu zen, ospitaleak berak izen-ematea tramitatzea ahalbidetzen duena, gurasoek Erregistroko bulego bakar batera ere joan behar izatea saihestuz. Eta izen-ematea ospitaleak tramitatzen ez badu, gurasoek beraiek aukeratutako bulegora jo dezakete, bai izen-emate eskaera egiteko, bai nahi dituzten ziurtagiriak eskatzeko”, diosku Corderok.
Nortasun kulturala eta estatistikak
Lege honek jaiotako haurren nortasun kultural eta administratiboan izan ditzakeen ondorioei buruz galdetuta, zera dio Corderok: “Euskadiko edozein herritarri dagokion euskal auzotasun zibila eta tokiko auzotasun zibila funtsean bizilekuari lotuta dago, hau da, erroldatzeari. Jaioterria ere garrantzitsua da, baina ordezko irizpide gisa baino ez du jarduten, zalantzarik izanez gero, Kode Zibilak (14. artikulua) eta Euskal Foru Zuzenbide Zibilari buruzko 5/15 Legeak (10. eta 11. artikuluak eta horiekin bat datozenak) ezartzen dutenaren arabera”.
Hori argituta, kontuan hartu al dira neurri honen epe luzerako ondorioak demografiari eta biztanleria-estatistikei dagokienez? “Espainiako Estatistika Institutuak ustiapen estatistikorako mekanismoak ditu, bai jaiotza-datuak, bai erroldatze-datuak”, erantzun digu Corderok.
Ba al da aldaketarako aukerarik?
Jaiotzen erregistroaren inguruko lege honek ezinegona sortu du gizartearen zati batean eta, gauzak horrela, legea aldatzeko aukerarik ote dagoen galdetu diogu Corderori. “Lege aldaketa Estatuko Parlamentutik pasatzen da nahitaez eta gaur egun ez dugu horren inguruko inongo proiekturen berririk”, erantzun digu.
Guraso batzuek erregistroa egin ondoren jaiotza-lekua aldatzen saiatzen dira, baina horrela ere ez dute helburua lortzen. “Idazpen bat zuzendu ahal izango da soilik jasotzen duen informazioa okerra denean, legearen 91. artikuluaren arabera. Jaiotza gertatu den tokiko datu objektibo eta ziurra, legearen 49. artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin da zuzendu”, argitu digu letraduak.
Orduan, nola orekatzen da xedapen hau gurasoen eskubidearekin beren seme-alaben nortasun administratiboaren alderdi batzuk aukeratzeko? “Legeak egitate inskribagarritzat jotzen dituen egitate objektiboak (hala nola jaiotza, ezkontza edo heriotza), ez dira eskuragarri, ez daude interesdunen borondatearen autonomiaren mende. Bai, ordea, auzotasun zibilarekin zerikusia duten alderdiak, non borondatearen autonomia zabalagoa den”, erantzuten du Corderok.
Aurrerapauso handia
Corderoren ustez 20/2011 Legea “aurrerapauso handia” da, “Erregistroko bulegoak herritarrengana hurbiltzea dakarrelako”. Orain, ospitaleak izena emateko izapidea egin dezake eta, gero, herritarrak sarbide digitala eta leihatila bakarra izango du jaiotza-inskripzioa egiteko edo ziurtagiriak lortzeko aukeratzen duen edozein bulegotan.
20/2011 legeak funtziona dezan, Erregistro Zibilaren bulegoak Dicireg sistema informatikoa ezarrita eduki behar du. EAEn dagoeneko ezarrita dago, baina Estatuko gainerako lurraldeetan oraindik lan dezente dago egiteko. “Herri txiki askotan paperezko liburuekin funtzionatzen jarraitzen dute”, diosku Corderok. “Euskadi abantailan dago gai horretan, DiciReg aplikazioa eraginkorra baita lurralde osoan, eta, gainera, liburu zaharren digitalizazioan aurrera egiten ari da egunez egun. Horri esker, 1870etik aurrera jaiotako pertsonen jaiotzak ziurtatu ahal izango dira laster”.