Errebal plaza, Euskal Herria eta Guatemalako eskola politiko feministentzat topagune
Errebal plaza emakumeen eta kide feministen esperientzia politiko eta komunitarioen elkargune bihurtu zen zapatuan Eibarren. Entreamigos–Lagun Artean elkarteak eta Eibar–Ermua talde motorrak antolatutako Euskal Herria–Guatemala Eskola Politiko Feministen I. Topaketa bost urte baino gehiagoko lankidetza-prozesu baten emaitza izan da, Euskal Herriko eta Guatemalako hainbat eskola politiko feministaren arteko sare lana uztartuz. Prozesuak ikuspegi antirrazista, dekolonial eta komunitarioa izan du oinarri, eta zaintza eta bizitza erdigunean jartzea izan du helburu.
Topaketa ez zen jardunaldi akademiko bat izan, ezta formatu itxiko ekitaldi bat ere. Urteetan zehar eraikitako prozesu kolektibo baten ondorio zuzena izan da, eta kulturarteko trukea, hausnarketa politikoa eta elkarrizketa horizontala egiteko espazio ireki bat sortzea izan du xede. Antolatzaileen arabera, helburua ez da ezagutza “ematea”, baizik eta esperientziak partekatzea eta elkarrekin ikastea.
Goiza, harrera eta eguneroko erritmoa apurtzen duen hasiera
Jardunaldia goizean hasi zen, Errebal plazako sarreran antolatutako gosari partekatuarekin. Fruta, zukua eta kafea ez ziren soilik harrera keinu bat izan: antolakuntzak azaldu zuenez, eguna beste erritmo batean hasteko eta parte-hartzaileen arteko lehen harremanak modu lasaian sortzeko aukera izan zen. Espazioaren hasieratik zaintza eta gertutasuna lehenetsi ziren.
Informazio guneak: erakundeen lana plazan bertan
Mahai-ingurua hasi aurretik, hainbat informazio gune jarri zituzten plazan parte hartzen duten erakundeek. Horrela, erakunde bakoitzak bere lana, ibilbidea eta jarduera plazan bertan erakusteko eta partekatzeko aukera izan zuten.
Hainbat elkarte eta erakunde bertaratu ziren topaketara. Horien artean, emakume maien eta nekazarien prestakuntza lantzen duen “TIJOB’AL: JALÖJ KI KASLEMAL IXOQI” eskola politikoa egon zen. Eskola honek komunitatea eta bizimodu duina erdigunean jartzen dituen ikuspegia lantzen du, eta prestakuntza prozesuak lurraldearen defentsarekin eta antolakuntza komunitarioarekin uztartzen ditu. Eskolaren ordezkari gisa, Sololá komunitateko Neolina Pablo Salo bertaratu zen.

Guatemalako CEIBA eta Oxlajuj-E erakundeek ere plazan jarri zuten beren lana eta esperientzia. Emakume maiekin batera egiten dute lan, eta beren jardunaren ardatzak lurraldearen defentsa, agroekologia eta elikadura-subiranotasuna dira. Topaketan azaldu zutenez, erauzketa-proiektuek eragin zuzena dute komunitateetan, bai ingurumenari dagokionez, bai gizarte antolaketari dagokionez. Testuinguru horretan, emakumeek paper aktiboa dute lurraldea defendatzeko eta bizitza komunitarioa babesteko. Haien ikuspegian, klima-krisia ez da arazo ekologiko isolatu bat, baizik eta botere-harremanek eta desberdintasun sozialek baldintzatutako fenomeno politikoa.
Lurralde defendatzaileen saretik Sabina Calel Vicente izan zen bertan, Guatemalako hegoaldeko kostaldeko lurraldearen defentsan aritzen den aktibista. Bere lanildoek emakume indigenen eskubideen defentsa eta multinazional handiek lurraldeetan duten eraginaren aurkako borroka jartzen dute erdigunean.
Mujeres Tejiendo Red kolektiboa Euskal Herrira migratutako emakume guatemalarrek osatzen dute. Haien jardunaren oinarria da emakumeen arteko laguntza-sareak sortzea eta indartzea, baita eskubide sozialen, juridikoen eta laboralen inguruko informazioa partekatzea ere. Horrez gain, ahalduntze prozesuak bultzatzen dituzte, emakumeek beren egoera hobeto ulertu eta erabakiak hartzeko gaitasun handiagoa izan dezaten. Aldi berean, kultura propioa bizirik mantentzeko lan egiten dute, bereziki ehungintza tradizionalaren bidez, identitatea eta antolakuntza kolektiboa uztartuz.
Malen Etxea elkarteak emakume migratzaileen eskubideen defentsa du lan-ildo nagusi. Bereziki, etxeko eta zaintza lanetan aritzen diren emakumeen egoera jarri zuen erdigunean, askotan ikusgaitasun gutxiko eta lan-baldintza prekarioetan garatzen den errealitatea azpimarratuz. Topaketan, gai horien inguruko iritziak eta esperientziak partekatu zituzten, eta azpimarratu zuten eguneroko lan horiek nola antolatzen eta baloratzen diren gaur egungo egitura sozial eta ekonomikoetan.
Bestalde, Lagun Artean erakundeak ikuspegi kritiko, dekolonial eta feministatik garatzen du bere lana. Bere helburua da Guatemalako emakumeen errealitatea Euskal Herrian ezagutaraztea eta hortik abiatuta gizarte-eraldaketarako prozesuak sustatzea. Horretarako, kontzientzia kritikoa lantzea eta herritartasun globalaren ikuspegia indartzea jartzen du erdigunean, Euskal Herria eta Hegoaldeko herrien arteko harremanak ulertzeko eta eraldaketa sozialerako espazioak sortzeko.

Mahai-ingurua: bost urteko prozesua
Mahai-ingurua borobilean jarritako aulkiekin egin zen, oholtzarik eta egitura hierarkikorik gabe. Antolaketa horrek berak markatu zuen dinamika: parte-hartzaile guztiek espazio bera partekatu zuten, eta esperientziak modu horizontalean jaso ziren.
Lehen galderak prozesuaren jatorria izan zuen ardatz: zerk eraman zituen emakumeak eskola politiko feminista hauetara.
Malen Etxeko kideek azaldu zuten migrazio testuinguruan emakume askok bizi duten ikusgaitasun falta eta lan baldintza prekarioak izan zirela antolatzeko abiapuntuetako bat. “Ez gara soilik lanaren bidez definitu behar; subjektu politikoak gara”, adierazi zuten.
Mujeres Tejiendo Red sareko ordezkariek azpimarratu zuten beren ibilbidea ez dela lineala izan. Hasierako motibazio pertsonaletatik abiatuta, prozesua kolektibo bihurtu dela eta denboran zehar eraldatzen joan dela, bai egituretan bai harremanetan.

Talde motorraren izenean hitz egin zutenek azaldu zuten bost urteko ibilbidea etengabeko berrantolaketa izan dela: pertsonen etorrerak eta irteerak, erritmo desberdinak eta auto-hausnarketa prozesuak egituraren parte bihurtu direla.
Bigarren blokean, eskola politikoek utzitako ekarpenetan jarri zen arreta. Hainbat parte-hartzailek nabarmendu zuten espazio horiek aukera eman dietela beren burua subjektu politiko gisa aitortzeko, eguneroko rol sozialetatik harago.
Beste testigantza batzuek erritmoen inguruko ikaskuntza aipatu zuten: gelditzeko beharra, entzutea eta denbora kolektiboki ulertzeko modua aldatzea ezinbestekotzat jo zuten. Halaber, botere harremanen inguruko kontzientziazio prozesua nabarmendu zen, eguneroko bizitzan ere nola eragiten duten ulertzeko.
Guatemalako parte-hartzaileetako batek, Sololá komunitateko emakume maia batek, eskerrak eman zituen Euskal Herrian jasotako harreragatik, eta bere konpromisoa azaldu zuen ikasitakoa bere komunitatera eramateko eta beste emakumeekin partekatzeko.

Ondorio nagusia: jarraipenaren beharra
Mahai-ingurua ixtean, parte-hartzaileek ez zuten ondorio bakar edo itxi bat adostu. Aitzitik, argi utzi zuten topaketa hau ez dela amaiera, baizik eta urteetan eraiki den prozesu zabalago baten beste une bat. Eskola politiko feministek ez dute soilik ezagutza transmititzen; antolakuntza kolektiboa indartzeko, esperientziak partekatzeko eta harremanak ehuntzeko espazio gisa ulertzen dira.
Parte-hartzaileen arabera, garrantzitsuena ez da ondorio zehatz bat ateratzea, baizik eta prozesuari jarraipena ematea: "Denboran zehar sortzen diren sareek, konfiantzek eta ikaskuntzek dute benetako pisua, eta horiek dira Euskal Herria eta Guatemalaren arteko lankidetza elikatzen jarraitzen duten oinarriak".