Eibar Kantuan: “Belaunaldien arteko Eibar Kantuan antolatu dugu eta inoizko parte-hartzaileena”
Felix Elkoroiriberen proposamena hartu eta ikuskizuna antolatzen eman ditu azken hilabeteak Iraide Ansorena Juan Bautista Gisasola Musika Eskolako zuzendariak. Bien arteko elkarlanaren fruitua da biharko Eibar Kantuan, Udalaren laguntzarekin eta herriko musika talde eta bakarlarien parte hartzearekin. Bertan arituko da, adibidez, Isabel Sarasua, Asun Anguera abeslari handiaren alaba.
Ia 10 urte eta gero, Eibar Kantuan berreskuratu duzue. Zergatik orain?
FELIX: Pandemian zehar ikusten nuen inguruan jendea hiltzen ari zela, adibidez, Enrique Garate edo Asun Anguera. Herriari asko eman dioten lagunak dira eta omenaldi bat merezi zutela pentsatu nuen. Horretarako, Eibar Kantuan berriz egitea aproposa zela iruditu zitzaidan eta Iraideri eman nion asmoen berri. Berak belaunaldi arteko ekitaldia egitea proposatu zuen. Gero, alkateari egin genion proposamena eta Udalaren onespena jaso genuen.
IRAIDE: Musika Eskolaren zuzendaritza hartu nuenean hainbat gauza berritzeko asmoa nuen, proiektu berriak martxan jarri, eta abar. Besteak beste, Musika Eskolako zerbitzuak pertsona nagusiei eskaini nahi nizkien eta Untzagako jubilatu etxekoekin harremanetan jarri nintzen. Felix ezagutu nuen eta belaunaldi arteko kontzertua egiteko proposamena egin zidan. Hain justu ere, buruan horrelako zerbait egiteko asmoa nuenez, esker onez hartu nuen proposamena. “Eibar Kantuan moduko bat?”, galdetu nion, eta orain aipatu duena esan zidan, ekimena berreskuratu nahi zuela. Orduan, Musika Eskolatik antolatzeko konpromisoa hartu nuen.
Nolakoa izan da prestaketa-lana? Nola hartu dute proposamena belaunaldi berriek?
IRAIDE: Prozesu luzea izan da, talde asko dagoelako herrian. Zerotik hasi gara, ez baikenekien nor zegoen abesteko prest edo nor zegoen aktibo. Koruak bai, baina beste taldeen inguruan ez genekien askorik. 10 urte pasa dira azken Eibar Kantuanetik eta ni orain ez dela asko etorri naiz hona. Ez nituen talde asko ezagutzen eta Felixen laguntza berebizikoa izan da. ‘Trio Medianoche’ taldeko Jesus Bastidari kontatu zion eta, bere laguntzarekin, orain dela 10-15 urte Eibar Kantuanen jo zuten solistei deitzen hasi ziren. Bestetik, ni koruez arduratu nintzen. Horrela hasi ginen eta pixkanaka puzzlea osatzen joan ginen.
Aktibo zeuden aipatutako solista horietako asko?
FELIX: Bihar arituko direnak baino gehiago daude aktibo, baina Manolo Salado, adibidez, Malagan bizi da eta ezin izango da etorri.
ISABEL: Benetan aktibo dagoen talde bakarra ‘Trio Medianoche’ da, baina besteek musika jotzen jarraitzen dute ‘petit comite’-n.
FELIX: Taldeei gonbidapena egiteko, herriko instituzio batekin harremanetan jarri nintzen, Vicente Ramirezekin. Kantuaz gehien dakiena da Eibarren. Benjamin Larizekin eta Bastidarekin ‘Los Camperos’ berriz ere martxan jarriko zuela esan zidan, baita ‘Voces y Cuerdas’ ere Marivi Murillorekin, eta ‘Duo Plaentxi’-ko Jose Luis Badiolarekin eta ‘Trio Medianoche’ taldekoekin harremanetan jarriko zela. Horiek laurak bihar arituko dira.
ISABEL: Beste guztiak hilda daude edo kantatzeari laga diote. Besteak beste, ama, Quique Garate, Manolo Cobos, Aitor Errasti, Los Pibes, Pitina, Julio Lapeyra, Los Tropicales, Trio Lazpita, Armando Benito eta Mikel Urkola.
FELIX: Horietako batzuei deitu genien, baina adinean aurrera egin dute eta ez daude parte hartzeko moduan.
Orduan, esan bezala, aipatutako artista horiek omentzeko balio dezake biharko jaialdiak.
IRAIDE: Hori da ideia: Eibar Kantuan berpiztea eta, era berean, artista hauek omentzea. Izan ere, orain Eibar Kantuan egin dezakegu lehen egin zelako. Horregatik, omenaldia egingo diegu, baina orain ditugun belaunaldiak ahaztu gabe. Egin zutenak ez daude, baina belaunaldi berriak ditugu eta musikari asko dago herrian. Eibarko Koro Txikia dugu, Koro Gaztea ere, eta gazte gehiago dago Eibar Kantuanen espiritu horren barruan. Ustekabe txarangak, adibidez, ‘Eibarko kantak’ diskoa atera zuen Eibar Kantuanen inspiratuta, Asun Angueraren figura horretan. Bertako bi abesti entzun ahal izango dira bihar. Horrela, belaunaldien arteko Eibar Kantuan antolatu dugu eta inoizko parte-hartzaileena. Eibar Kantuan oso ekintza garrantzitsua izan da herriko identitate kulturalaren barruan eta, 10 urte pasa direnez, ahanzturan ez geratzeko, berpiztu ahal zela ikusi genuen. Herriko identitatearen barrenean dago, baina, urte gehiago pasatuz gero antolatu gabe, ahaztu egin daiteke.
ISABEL: Ba lagun batek esan zidan joan den barixakuan demaseko ilarak zeudela sarrerak erosteko. Jendea gogotsu dago.
FELIX: Oso gauza eibartarra da eta!
Zergatik gertatzen da fenomeno hau Eibarren? Latinoamerikako musika zergatik errotu da hainbeste herrian?
ISABEL: Aita gaztea zenean, kuadrilla guztiak kantuan ibiltzen ziren txikiteoan eta, gero, Latinoamerikako abestienganako gustua hartzen hasi ziren.
FELIX: Atzerrira joaten zen jendeak musika berriak ekartzen zituen (habanerak, adibidez) eta batzuk errotu egin ziren.
IRAIDE: Eibar beti izan da herri internazionala, ezta? Uste dut hori dela herriko arima musikala. Beste herri euskaldunagoetan ez da hori gertatzen. Ohikoena da jaialdiak euskal musikarekin soilik egitea. Bitxia da Eibarko kasua. Hemen bakarrik gertatzen da hori eta uste dut herriaren sorrerarekin eta bilakaerarekin zerikusia duela.
FELIX: Behin, Mendaron bizi den Ernesto Ezpeleta ‘Bihurri’-ren bitartez, hango Kultura zinegotzia nirekin harremanetan jarri zen kontzertu bat prestatzeko asmoz, eta ‘Voces y cuerdas’ eramateko esan nion. Kontzertua antolatu zuten eta oso gustora ikusi nuen, baina zinegotziari esan nion hobe zela ‘Tapia eta Leturia’ eramatea, ia jenderik ez zelako joan, eibartarrak bakarrik. Ostera, kontzertua Eibarren eginez gero, tokia bete egingo litzateke.
Isabel, zuk etxean bizi izan duzu musika giro hori. Nolakoa izan da?
ISABEL: Batetik, aita tenorea zen Eibarko parrokiako koruan. Hori bai, amaren atzean zegoen beti (barreak). Bestetik, ama aitxitxarekin hasi zen kantuan. Txikitan Urkizun bizi zen eta ez zuten irratirik. Orduan, burua etxearen kanpoan zegoen goitegian (freskeran) sartzen zuen, bertan goiko bizilagunaren irratia entzuten zelako. Etxean, ama beti zegoen abesten eta oso bikote ona osatzen zuen aitarekin. Bizi guztian entzun ditut abesten, baina ama hil arte ez nintzen abesten hasi. Lotsa edo beldurra ematen zidan, amaren ahotsa demasekoa zelako.
IRAIDE: Baina zu bere jaialdietara joaten zinen, ala?
ISABEL: Bai, guztietara. Emozioz bizi nituen. Ama hirurogei urte baino gehiagorekin hasi zen publiko aurrean abesten, ordura arte soziedadean, lagun artean edo etxean abesten zuen bakarrik. Uste dut bere lehen Eibar Kantuan 2002koa izan zela. Gero, ‘Voces y cuerdas’-en hasi zen. Vicente Ramirezekin txikitatik zuen harremana eta taldea osatzea proposatu zion: “Jendea ezin da gelditu ahots hori entzun gabe”, esan zion. Hamar urte inguru bakarrik egon zen taldean, baina emozio handiz bizi izan zituen. Askok ezagutzen zuten ama, baina orduan jaso zuen errekonozimendu soziala.