Eibar Konecta programa berria abiatuko du Udalak, online tramiteetarako laguntza pertsonalizatua emateko

Programak laguntza presentziala, formakuntza praktikoa eta laguntza pertsonalizatua eskaintzea planteatzen du, adinekoei eta digitalizazioaren aurrean zailtasun handienak dituztenei arreta berezia emanez.
Eibar Konecta programa berria abiatuko du Udalak, online tramiteetarako laguntza pertsonalizatua emateko
2026/09/23 19:53
Silbia Hernandez Arrazola

Herritarrei laguntza digitala emateko asmoz, Eibar Konecta izeneko zerbitzua ipiniko du martxan Udalak, Jon Iraola alkateak eta Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziak gaur goizean egindako prentsaurrekoan aurreratu dutenez. ASOCA (Asociacion Capacidades en Accion) elkartearen bitartez emango dute zerbitzua, astelehenetik aurrera Torrekua eta Beheko Tokia gizarte-zentroetan zabalduko dituzten arreta digitala emateko bulegoetan. 

Azaldu dutenez, “gero eta tramite gehiago egiten dira Internet bidez: aurretiko hitzordua eskatu, ziurtagiri bat deskargatu, edo Osakidetzarekin, Lanbiderekin, Ogasunarekin, banketxeekin edo administrazio publikoekin gestioak, besteak beste. Hala ere, arrazoi ezberdinak tartean direla, jende askok horrelako tramiteak egiteko zailtasunak izaten ditu”. 

Eibar Konecta hori konpontzera dator, “Internet erabiltzeko ohitura gutxi duten eibartarrentzako online gestio eta tramiteetarako laguntza pertsonalizatua” emanez. Helburua argia da: “Inor ez dadila atzean geratu tresna digital bat erabiltzen ez jakiteagatik, edo Internet bidezko tramite bat egiteko zailtasunak izateagatik”.

Programak arreta berezia eskainiko die adinekoei, bakarrik bizi direnei, ezagutza teknologiko edo zailtasun sozioekonomiko urriak dituztenei eta, oro har, kudeaketa digitala egiteko laguntza behar duen edozein herritarri.

Arreta hori emateko, Torrekua gizarte-zentroan egongo dira astelehen, eguazten eta barixakuetan, eta martitzen eta eguenetan, berriz, Beheko Tokian. Batean zein bestean,  goizez (09:30etik 14:00etara) eta arratsaldez (16:30etik 19:00etara) zabalduko dute bulegoa, eta laguntza bila gerturatzen diren herritarrak bertan artatuko dituzte, zuzenean (ez da behar aurretik hitzordua eskatzea). 

Jon Iraola Eibarko alkatearen berbetan, “digitalizazioak pertsonei bizitza errazagoa egiteko balio behar du, ez oztopo berriak sortzeko. Udalaren helburua da Eibarrek aurrera egitea, baina inor atzean utzi gabe. Eibar Konekta-k oso ideia sinplea du abiapuntu: tramite bat Internet bidez egin badaiteke, bermatu behar dugu hori egiteko zailtasunak dituenak inguruan lagun diezaiokeen norbait izatea”.