Eibarko 24. Korrika Batzordea urtarrilaren 16an bilduko da AEK-n
AEK-k gaur, urtarrilak 8, ezagutarazi du 24. Korrikaren ibilbidea. Martxoaren 28an, larunbata, igaroko da Korrika Eibartik eta hau antolatzeko bilera irekia egingo dutela iragarri du Eibarko AEK-k. Herriko 24. Korrika Batzordearen bilera urtarrilaren 16an, osteguna, egingo da, 18:00etan, erakundearen egoitzan.
Eibarko AEK-k jakinarazitakoaren arabera, bilera honetan Korrikaren ibilbidea aurkeztuko da, eta aldi berean eskualdean Korrika Batzordea antolatzeko lanari hasiera emango zaio.
Besteak beste, lekukoaren harrerari buruzko informazioa partekatuko da, egitarau kulturala osatzeko lehen urratsak emango dira eta Korrika eguna bera antolatzeko ildoak zehaztuko dira.
Antolatzaileek herritarrak parte hartzera animatu dituzte eta hurrengo batzorde bilerak Mutrikun eta Soraluzekoak izango direla ere jakinarazi dute.