Karmele Mitxelena (idazlea): “Suizidioak sentimendu kontrajarri asko eragin ditzake bizirik geratzen diren horiengan”

Karmele Mitxelena (Oiartzun, 1988) idazlea izan da “Idazlearekin Harixa Emoten” euskarazko irakurle-taldeko azken gonbidatua. “Zoriona, edo antzeko zeozer” (Elkar, 2024) liburuarekin etorri da Eibarrera, bidaia fisikoa eta emozionala uztartzen dituen eleberriarekin. Bere buruaz beste egin duen bikotekidearen alargunean jarri nahi izan du fokua idazle oiartzuarrak, “albokoaz, akonpainamendu eta zaintza-lanak egiten dituenaz ez baita hainbeste hitz egiten”.
Karmele Mitxelena (idazlea): “Suizidioak sentimendu kontrajarri asko eragin ditzake bizirik geratzen diren horiengan”
2026/03/16 16:26
Maider Aranberri

Bere buruaz beste egin duen bikotekidearen istorioa kontatzen duzu. Zergatik abiapuntu hori? Zer kontatzea zen helburua?
Helburua hain juxtu horixe zen, bere buruaz beste egin duen pertsona baten bikotekidearen larruan jartzea fokua, eta istorioa ahots horretatik kontatzea. Bada heriotza oso berezi bat suizidioa, ulertzeko zaila gertatzen dena askotan. Eta heriotza mota honek sentimendu kontrajarri asko eragin ditzake bizirik geratzen diren horiengan. Suizidioaz gutxi hitz egiten da, baina hitz egiten denean, batez ere, bere buruaz beste egin duen horren inguruan hitz egiten da, eta ez hainbeste bere albokoaz, askotan akonpainamendu eta zaintza lanak egin dituen horren inguruan. Niretzat, alargun horren bizipenetatik kontatzeko asko zegoen; sortu eta landu nahi nuen ahots bat zen. Orokorrean gaixotasunak ulertzea ez da erreza, eta are gutxiago gaixotasun mentalen kasuan, arrazoitik oso urrun gera daitezkeelako, eta horrek zaintzailearen papera erabat zailtzen du.

Horrelako heriotzen aurrean dolua ere bestelakoa izaten da? 
Hiltzen denarentzat heriotza heriotza da, ez dago besterik. Bizitza bukatzen zaio, eta kito. Ingurukoak dira bizirik geratzen direnak, dolu are mingarriago eta sarri ulergaitzago batean, eta askotan, eleberri honetan bezala, errua, haserrea, amorrua, tristura nahasten dira, eta sentimendu kontrajarriak eragin ditzake. Bizirik geratzen denak etengabe aurpegiratu diezaioke hil denari hiltzea erabaki izana, bizirik jarraitu edo hil erabakitzerakoan, bigarrena hautatu izana.

Gure gizartean doluaz nahikoa hitz egiten dela uste duzu?
Dolua bada historikoki oso isilik eraman izan den zerbait, nork bere etxean sartuta eraman izan duena, ingurukoekin gaiaz gehiegi hitz egin gabe. Gaur egun mila teoria daude gaiaren inguruan, eta gehiago hitz egitera ausartzen garela esango nuke, bai. Baina dolua zer den definitzea ere ez da erraza. Nik orain dela gutxi arte prozesu gisa ulertzen nuen, hasiera eta bukaera zuen etapa bat. Orain beste modu batera ulertzen dut, hain lineala ez den zerbait bezala, joanetorrian dabilena, gorabeherekin, eta amaitzen ez den zerbait, formaz aldatuta ere, beti hor dagoen sentimendu bat bezala.

Kosta egiten zaigu heriotzari buruz hitz egitea, irakurtzea… Kasu honetan, gai horrek gidatzen du eleberria. Nolakoa izan da idazketa-prozesua?
Oso modu naturalean idatzi dut, halaxe atera zait. Saiatu naiz protagonistaren pentsamenduei filtrorik ez jartzen, pertsonaia kontraesanetan jartzen, zenbait unetan inkoherente egiten. Horrek pertsonaia benetakoagoa egiten duela uste dut, eta gertuagokoa irakurlearentzat. Bestalde, egia da heriotzaz asko hitz egiten dela eleberrian, baina era berean badela bizitzan berkokatzeko ahalegin bat ere, biziberritzeko gogo baten seinale.

Umore beltza ere erabili duzu, apur bat pisua arintze aldera?
Oso gustoko dut umore beltza, ironia, edo uneren batean zerbait makabroa idaztea. Gustatzen zait, nik irakurle bezala asko eskertzen dut, eta idazterakoan naturalki ateratzen zaidan zerbait da. Irakurleari irriparre txiki bat sorraraztea da, nahi gabe ateratzen zaio irribarre bat. Hori bai, arriskutsua ere izan daiteke. Uste dut asmatu egin behar dela umore beltzaren erabilera neurtzen, oso bestelako zerbait lortu nahi ez baduzu behintzat. 

Gai sentsiblea da. Zelan egin duzu lan, zelan dokumentatu zara?
Batez ere esperientzia pertsonalak entzun eta irakurri ditut, bai gaixotasunari buruz, bai suizidioan pentsatzeari buruz eta baita heriotzaren momentuari buruz ere, kasu honetan itotzearen bizipenari buruz. Horrelakoetan iturri desberdinetatik elikatu eta nire ahots propioa eratzen dut, niretik kontatzeko eta ez beste norbaiten ahotsetik; niretik ari naizela sentitu behar dut lasai idazteko.

Bidaia fisikoa eta barne-bidaia nola lotu dituzu narratiboki?
Bidaia fisikoak ahalbidetzen du barruko bidaia hori egin ahal izatea. Protagonistak itsaso batetik bestera ihes egiten du, mundu batetik bestera, baina mundua bakarra da, ezta? Eta baita itsasoa ere. Itsasoa bitan banatzeak bere bizitzaz hausnartzeko nolabaiteko perspektiba ematen dio distantziatik. Eta hori guztia itsasoarekin dituen elkarrizketetan ematen da narratiboki, elkarrizketa itxurako bakarrizketetan, itsasoa ez baita ez bere senarra, ez itsasoa bera ere; itsasoa bere buruaren ispilu da eleberri honetan, eta bere buruari hizketan ari da etengabe.

Zer izan da zailena liburua idazterakoan?
Niretzat zailena zer ez dudan kontatuko erabakitzea izaten da ia beti. Eleberri batean gai eta pertsonaia asko jorratu behar izaten dira, eta horien inguruan asko esan daiteke. Noski, dena ezin da esan, dena ezin da idatzi, eta idazlearen lana izaten da ondo aukeratzea zer bai eta zer ez, kontatzen ez denak ere sekulako pisua izan dezakeelako obraren bukaerako emaitzan. 

Nolako harrera izan du?
Irakurleek orokorrean oso gustora irakurri dutela esan didate, arina dela eta gertuko ahots bat aurkitu dutela bertan. Sinpleak ez diren ideia eta gogoeta batzuk modu sinplean azaldu ditudala ere errepikatu didate askok.

Ipuinak egin izan dituzu gehienbat orain arte eta lan honetan ere antzeman da atzean ipuinak idazten duen idazlea dagoela…
Bai, oso ipuinzalea naiz. Eleberri honetan ere atal bakoitzak badu bere hasiera eta bukaera propioa. Atal bakoitza izan liteke bere horretan ipuin bat. Gustatzen zait atal bat bukatzerakoan irakurlea ahozapore jakin batekin uzten, zenbakiaz gain, atalak izan dezala beste ataletatik desberdinduko duen zerbait.

Zer ari zara idazten?
Une honetan testu laburrak idazten ari naiz proiektu txikietarako, gauza handirik ez. Azkenaldian, ordea, badut buruan beste eleberri bat idazteko ideia eta gogoa, eta baliteke laster heltzea.

Eta zer irakurtzen?
Karmele Jaioren “Harrizko bihotza” liburua ari naiz irakurtzen, nahi baino astiroago,  baina liburuaren formatuak ematen du nahi duzunean hartu edo uzteko aukera.