Eibarko Baso Biziak elkarteak bazkide kanpaina jarri du martxan
Eibarko Baso Biziak elkarteak lau urte inguru daramatza bertako basoak berreskuratzeko lan egiten. Lorpen handiak izan ditu denbora labur horretan eta bere ekintzek hedapena izan dute gizartean. Orain, herritarron laguntza eskuratzeko bazkide kanpaina jarri du martxan, gure basoak berreskuratzea gure esku dagoelako.
Eibarko Baso Biziak elkarteko kideak boluntarioak dira, herritik sortu den mugimendua da. “Askotan pentsatzen dut berekoiak garelako egiten dugula hau. Kontraesana dirudi, baina ez. Denbora eskaintzen diogu, baita dirua ere, baina asko jasotzen dugu ordainetan”, aitortu digu Amagoia Gomez taldeko kideak. “Domekan, adibidez, zuhaitz landaketa egin genuen eta ze pozik heltzen zaren etxera hori egin eta gero! Hemendik joaten garenean ere, etorkizunerako zerbait lagatzen duzula sentitzen duzu”.
Elkartearen helburua Eibarko eta inguruko lurretan dauden bertako basoak iraunaraztea eta berreskuratzea, eta ekosistema horiei lotzen zaien bioaniztasuna mantentzea da. Horretarako, bertako basoa sustatuz, bertako landare eta animaliei babeslekua eskainiz eta errekak osasuntsu mantenduz. Azken neurrian, guztion bizi kalitatea hobetzeko eta Eibar bizigarriago bat eraikitzeko.
Helburu horiek lortzeko bidean, hainbat ekintza egiten dituzte. Batetik, basoak berreskuratu. Eibarko jabe pribatuei lursailak erosten dizkiete etorkizunean herri lur bilakatu daitezen, lurren jabeen eta Lurgaia Fundazioaren arteko zaintza-akordioak errazten dituzte bertako basoak berreskuratzen, eta lur horietan, beharrezkoa bada, bertako espezieetako zuhaitzak landatzen eta zaintzen dituzte doan, lur sailak bertako baso bilakatu artean.
Horren harira, Haritzbakarragan 10 hektarea erosi eta kudeatzen dituzte, Unben 11 hektarea zaintzen dituzte, eta Santutxun eta Igartuan 14 hektarea zaintzen dituzte Soraluzeko Baso Biziak elkartearekin eta Lurgaiarekin batera. “Eibarko eremuan dauden lurrak kudeatzen ditugu”, zehaztu digu Mikel Jauregi elkarteko kideak. Gainera, aipatzekoa da Eibarko Udalak 25 hektarea erosi dituela Pagarikortan. “Horrek erakusten du proiektua erreala dela, ez dela zerbait abstraktua, urruti dagoena edo utopikoa. Proiektua egingarria dela erakusten ari gara”.
Naturarekiko maitasuna zabaltzen
Elkarteak egiten duen beste ekintza bat dibulgazioa da eta, horretarako, naturaren kontserbazioa herri osora zabaltzeko ekintzak antolatzen dituzte: irteera gidatuak, garbiketak, landaketak, eskolekin elkarlana, eta abar. “Naturarekiko maitasuna zabaltzen ari gara eta polita da”, diosku Gomezek.
Azken landaketan, joan den domekan, 300 zuhaitz landatu zituzten, urte hauetan guztira 2.500 zuhaitzetik gora landatu dituztelarik. “Ez dauden edo lurrak sasoi batean izan zituen zuhaitzak landatu ditugu”, azaldu digu Jauregik. Hurrengo landaketa udazken inguruan egingo dute, baina tartean zenbait ekintza antolatu dituzte Eibarko Baso Biziak elkartekoek. Horrela, hegaztien behaketa egingo dute eta kabiak jarriko dituzte Asier Sarasuarekin, narrastien behaketa egingo da Ander Izagirrerekin ekainean, erreka garbiketa egingo da uztailean, landare inbaditzaileen inguruko ekintza egingo da irailean eta ezkur bilketa urrian. Ekintza guzti horietan gazteen parte-hartzea sustatu nahian dabil Eibarko Baso Biziak elkartea. “Irakaslea naiz, eta nerabeak eta haurrak naturarekiko atxikimendua galtzen ari direla konturatu naiz. Teknologiari lotuta gaude gaur egun”, diosku Gomezek. “Eibarren zulo batean bizi gara, baina mendiz inguratuta, eta gure sustraiak hor daude. Naturarekiko maitasunaren eta garapenaren arteko oreka lortzea da gure helburuetako bat".
Bazkide kanpaina martxan
Gazteak bakarrik ez, eibartar guztiak erakarri nahi dituzte proiektura martxan jarri berri duten bazkide kanpainarekin. Gaur egun, 142 lagunek osatzen dute Eibarko Baso Biziak elkartea eta herritar gehiagoren laguntza berebizikoa da herriko ingurumen naturala berreskuratzeko lan horretan.
Bazkide kanpaina hiru zatitan banatu dute, herritarrengana iristeaz gain, merkatariengana eta lantegietara heltzeko asmoz. Herritarrei dagokienez, urtean 60 euro edo bakoitzak ahal duena ematea proposatzen dute. Hau da, “gure proiektua babesteko bazkide egin edo lur sailak babestea, 10 euro 20 metro karratu bakoitzeko”, diote elkartetik. Negozioei dagokienez, hiru ekarpen-mota proposatzen dituzte: ezkur agiria (100 eta 150 euro artean), zuhaitz agiria (200-300 euro) eta baso agiria (500 euro). Eta lantegiei dagokienez, proiektua ahal duten neurrian babestea proposatzen diete. “Zuhaitz autoktonoak landatzea da CO2-a xurgatzeko modu eraginkorrena”, elkartearen berbetan.
Ekarpen horiekin herriko ingurumena berreskuratzen lagunduko zaie Eibarko Baso Biziak taldekoei, eta bide horretan lur sailak bereganatuko edo kustodian hartuko dituzte (“eibartarrok lur gutxi ditugu gure esku eta horiek erostea da helburua, gure ondare bihurtzeko”, diosku Gomezek), baso horietako biodibertsitateari eutsiko diete, landare eta animaliei babeslekua eskainiko diete, errekak osasuntsu mantentzeko lanean ibiliko dira, eta jarduera didaktikoak antolatuko dituzte. “Eibarrek potentzial handia du, mendiz inguratuta gaude, pagadiak eta hariztiak egotea ez da utopia bat (errealitate bihurtzen ari den ametsa da), eta etorkizunean gure erreketan bainatzea posible ikusten dugu”, diote elkartekoek.
Babeslea izan nahi izanez gero, eibarkobasobiziak@gmail.com helbidera idatzi edo www.eibarkobasobiziak.eus webgunearen bitartez formularioa bete daiteke. Bertan, gainera, proiektuaren inguruko informazio gehiago jasotzeko aukera egongo da eta datozen egunotan triptikoak banatuko dituzte informazio osagarriarekin.
Bazkide egin eta buru-belarri laguntzea nahi izanez gero, taldeak esker onez jasoko du laguntza (hamar kide inguru astean behin elkartzen dira bilerak egiteko); eta bazkide egin nahi ez, baina boluntarioa izan nahi duenak ere horretarako aukera izango du, banaketa-zerrendan izena eman behar izango delarik. “Hau ez da greenwashinga, hau benetako zerbait da”, azpimarratzen dute elkartekoek, “gure ingurumena maite dugulako egiten dugu hau”.
Hori guztiaz gain, Eibarko Baso Biziaki eskainitako babesa dotore erakusteko gogoz dagoenak elkartearen produktuak erosi ditzake https://www.redbubble.com/people/EBB-Denda/shop web orriaren bitartez.