Eibarko bidegorriei buruzko bost galderei erantzun die Gipuzkoako Foru Aldundiak

"Lurperatzen gaituen paseoari Ez - Ekialdea Bai" Auzo Elkarteak Foru Aldunditik jasotako erantzunen berri eman du gutun baten bidez. Kezkagarriak iruditzen zaizkien zenbait gaik atentzioa eman dietela adierazi dute elkartetik.
Eibarko bidegorriei buruzko bost galderei erantzun die Gipuzkoako Foru Aldundiak
2025/03/21 13:04
eta kitto!

Lurperatzen gaituen paseoari Ez - Ekialdea Bai Auzo Elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiko Trantsizio Ekologikoko Departamentuaren erantzuna jaso du, Eibarko bidegorriei buruz egin dizkieten bost galderei erantzunez.

Horrela diote gure erredakziora bidalitako idatziaren bidez:

Informazio hori gainerako herritarrekin partekatu nahi dugu, eta, aldi berean, kezkagarriak iruditzen zaizkigun zenbait gaik atentzioa eman digutela adierazi nahi dugu. 

1- Maltzaga-Soraluze zatia. "Gaur egun kudeaketak egiten ari dira beste administrazio batzuekin, dauden zailtasunei irtenbide bideragarri hori bilatzeko" esan digute Gipuzkoako Foru Aldunditik.

Honako zailtasun hauek dituzte:- Geografikoak: orografia, ibaia, geologia. - Azpiegiturak: trena, autobidea, errepidea. - Pabiloi industrialak.- Urak har dezakeen eremuren bat.

Zati hori egitea oso atzeratua dago oraindik, eta, beraz, gure ustez, urte asko itxaron beharko dugu bide horretaz gozatu ahal izateko.

2- Eibar-Ermua zatia. Udalaren eskumenekoa dela jakinarazi digute. Badirudi kasu honetan hasierako fasean gaudela. Zaldibar, Ermua eta Eibarko Udalek mahai tekniko bat osatu dute zati horren eraikuntza bultzatzeko.

Oso deigarria egin zaigu Gipuzkoako Foru Aldundiak prentsaren bidez mugikortasunarekin eta ingurumenarekin lotutako proiektuen berri izatea. "Zuzendaritza Nagusi honek duen informazioa gaur prentsan argitaratutakoa da (El Diario Vasco, 2025/01/22)", Eibar-Ermua bidegorriari dagokionez.

3- Azitain-Maltzaga zatiaren eta trenbidearen gainean egiten ari diren bidegorriaren arteko lotura. Zati horrekiko lotura Eibarko Udalari bakarrik dagokiola jakinarazi digute. Gipuzkoako Foru Aldundiari zegokion zatia (Azitain-Maltzaga) erabat amaituta dago.

Oso deigarria iruditzen zaigu trenbidearen gainean paseo-bidegorri bat eraikitzen aritzea, kostu ekonomiko ikaragarri basatia izanik, eta lehendik dagoen trazadurarekin lotzeko planik ez ezagutzea. Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi digu: "ez dakigu zein obra egiten ari diren, ezta zein erakundek sustatzen dituen ere". Hau guztiz harrigarria iruditzen zaigu.

Egoera kezkagarria iruditzen zaigu, Gipuzkoako Foru Aldundiak honakoa esaten digunean: "Eibarko Udalak ez dio diru laguntzarik eskatu Zuzendaritza Nagusi honek bizikleta-bideen tokiko sareak lokalak eraikitzeko duen laguntza lerroan".

 Ongi legoke Eibarko Udalak Eibarko herritarrei jakinaraztea zer plan dituen konexio posible horretarako, baldin eta planik badu. Agian, ez gara informazioa ondo interpretatzen ari, eta horregatik uste dugu premiazkoa dela Eibarko Udalak kontu horiek argitzea.

4- Eibarko bidegorri-sarearen plana. Gipuzkoako Foru Aldundia: "Ez daukagu jasota Eibarko Udalak egindako udal edo eskualdeko bidegorrien beste planik", gaur egun egiten ari den trenbidearen gaineko diseinuarena izan ezik.

Eibarren Estatuko bidegorririk garestiena egiten ari dira, eta, hala ere, udalak ez du bidegorrien tokiko planik. Nola egiten dira gauzak? Egia esan, ez gara gure harriduratik ateratzen.

5- Azitain zatia autobidearen irteeran/sarreran. Erabaki hori Foru Aldundiko Bide Azpiegituretako Departamentuari dagokio, eta bertan adierazi da gure kezka zati horrek duen arriskuagatik. Zati honek arreta handiagoa eta konponbide hobea behar duela eskatzen genuen. Orain, erantzunaren zain gaude.

Eibarren mugikortasun jasangarriak lehentasuna izan beharko luke hiriaren etorkizunerako. Besteak beste, bidegorri-paseoen sarea ezinbesteko litzateke, baina, zoritxarrez, 1km-ko bidegorri batekin, gelditzen gara. Honen kostua izugarri zentzugabea da, eta Eibartarrok hirian modu eroso eta seguruan mugitzeko beste planik gabe jarraitzen dugu.

Eibarko Eraztun Berdea hirigintza eta ingurumen proiektu oso garrantzitsua zen Eibarrentzat, baina badirudi proiektu honek ere huts egin duela, eta hain berdea ez den proiektu batekin konformatu beharko dugu: Eibarko Paseo Handiarekin.

Lurperatzen gaituen paseoari Ez – Ekialdea Bai Auzo Elkartea.