Eibarko Euskal Jaixa, urrezko ezteien bezperan
Ttunttuneruak dantzari begira izango dira aurtengo protagonistak domeka eguerdixan Untzagan egingo dan dantza jaialdixan (beti be, eguraldixak ez badau Astelena frontoian egittera bihartzen). Ohikua dan moduan, 12.30xetan hasiko dan naziñoarteko ikuskizunak Urkizu parketik urtengo daben Euskal Jaiko kalejiria izango dau aperitibo. Hor izango dira, Ezpalak jaialdiko talde guztiekin batera, gaiteruak, joaldunak, Eibarko Musika Eskolako eta Jainagaren eskolako trikitilarixak eta, berezittasun moduan, aurtengo jairako alkartzia lortu daben txistulari talde edarra be. Txistua eta danboliña, txirula eta ttunttuna: euskal folkloriak eskintzen deskuen sinboluetakuak dira txistularixak eta danbolinteruak. Maixu haundixak izango dira gurian: Ingalaterrako Stephen Rowley pipe and tabor jotzaillia Feet Togheter Jump! taldeko Alex Merry dantzarixarekin etorriko da; Tarragonako Cambrils herriko Angel Vallverdu flaviolairea bertako ball de bastons dantzekin; Zamorako Muelas del Pan herriko dantzarixak Mario Martinez Roncero danbolinterua izango dabe lagun; Berrizko San Lorenzoko dantzarixak German eta Jon Aldekoaren doiñueri jarraittuko detse; Lapurdiko Ataitze dantza taldiak Xabier Itzaina txirulari eta ttun-ttun jolia izango dabe gidari; eta, azkenik, gure herriko Kezka Dantza Taldiak Andoni Altzibar, Iñaki Barua, Jose Miguel Laskurain, Amaia Baglieto eta Roberto Altzerrekak jotako doiñueri jarraittuko detsa.
Domekan dantzan egitteko aukeria nonahi eta noiznahi izango da. Aittatutako jaialdixari, karpan egingo dan herri-bazkarixaren ondoren, arratsaldeko erromerixiak eta larrain-dantzak jarraittuko detse-eta. Aiko taldiak zuzenduko daben erromerixia 17.00etan hasiko da eta larrain-dantzak bi saio izango dittue: 19.00etan Untzaga plazan eta, handik ordubetera, 20.00etan, Deportibo parian. Hori bai, antolatzailliak diñoskuen moduan, “basarrittar jantzitta askoz luziaduagua izango da dana”. Animo, ba, eta emon euskal ukittua asteburuari.
Zapatuan be eziñ etxian geratu
Egitarau bete-betia prestau dabe Deporrekuak bixarko: hor be urterokuari jarraittu detse eta goiz-eguerdiko artisau eta basarrittarren azokiak eskintza politta egingo desku 10.00etatik 14.00xak arte. 32 artisauk kosmetika naturala, telazko marko eta panpiñak, zillarra, ume erropa pintatua, narrua, artillia eta liburua, tela pintatuak, serigrafixia, argazkilaritza, bitxiak, beira, burdiñazko lanak, egur tailla, zeramika, diseiñu grafikua, txotxongilluak, harri pintatuak, papel machea, pillotak... ikusi eta erosteko aukeria eskinduko dabe.
Herrixan produzitzen dana be ikusi eta dastatzeko aukeria izango dogu. Zelaieta, Sumendixa, Barrundi, Mendigoitxi eta Gisasola euren barazkixekin, Sosola ogixa eta gaztaiarekin, Madiola gaztaiarekin eta Gorostixa pastelekin kaleratuko dira.
Badago, dana dala, barrittasunik horren inguruan, Kultuk bultzatutakua: 11.30xetatik aurrera dastaketa gastronomikua antolatu dabe basarriko produktuekin. Ekimen hori Debemenek tokiko kontsumuaren alde egitten diharduen kanpaiñaren barruan kokatu geinke. Kultuko sukaldarixak prestauko dittuen mokaduak doan dastatu ahal izango dira; hori bai, aurretik tiketak hartu biharko dira.
Betiko moduan, 11.45etan herri-kirolak eta bertsolarixak izango dira Toribio Etxebarrian eta 12.30xetan Eskolen arteko VII. herri-kirol lehiaketia jokatuko da, neska-mutillak mundu horretan murgiltzeko aukeria eskintzen daben ekitaldixa. Mogel-Isasi, Aldatze eta Itzioko ikasliak izango dittugu horko protagonista.
Arratsaldian Bentazaharreko Mutiko Alaiak etorriko jakuz Urretxu-Zumarragatik eta gabian, zelan ez, kantu-afarixak girua ipiñiko dau karpan.
Gaur be adin guztietarako
Txikixenetatik hasitta eta helduenganaiñoko ekitaldixak izango dira gaur bertan. Kalian Jolasian-ek 17.00etatik 19.00ak arte 5etik 7 urtera arteko umientzako jokuak prestauko dittu; 19.30xetatik 22.00ak arte Eibarko Kantuzalien hitzordua izango da; eta 23.00etan Imanol Ituiño maguak helduentzako ikuskizuna eskinduko dau Untzagan prestautako karpan.