Javier Murillo Kalamua Judo Klubeko kideak gerriko beltza lortu du

Klubeko gaztetxoek judoa ezagutzeko aukera izan zuten Eibarren antolatutako topaketan
Javier Murillo Kalamua Judo Klubeko kideak gerriko beltza lortu du
Kalamuako klubeko judokak Amurrioko Txapelketan
2026/11/23 11:12
Ekhi Belar Errasti

Kalamua Judo Klubak ekimen ugari izan ditu azken asteburuan, formazioaren eta lehiaketaren arloetan. Alde batetik, Javier Murillok gerriko beltza eskuratu zuen Euskadiko Judo Federazioak antolatutako maila-azterketetan, eta bestetik, Judo Topaketa egin zen Eibarren herriko ikasleentzat.

 

Gerriko beltz berria klubarentzat

Igandean, azaroaren 22an, Javier Murillo Euskadiko Judo Federazioak Anoetako Arte Martzialen Zentroan antolatutako maila-azterketetara aurkeztu zen. Hegoi Estebanek ‘uke’ lana egin zuen, nahiz eta berak laugarren Dan-eko azterketa egiteko asmoa zuen. Beraz, Estebanek ezin izan zuen azterketa egin eta hurrengo deialdira itxaron beharko du.

Murillok azterketa bikaina egin zuen, epaimahaiak bereziki bere ‘tokui waza’ edo teknika berezia goraipatu zuelarik. Azterketa gaindituta, Kalamua Judo Klubeko kide berriek gerriko beltza jaso zuen, taldekideen eta entrenatzailearen zorionak jasoz.

 

Hegoi Esteban eta Javier Murillo.

Judo Topaketa Eibarren

Larunbatean, klubaren instalazioetan Judo Topaketa egin zen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Eibarko Udalaren eta Athlonen laguntzarekin. Eibarko LH3 eta LH4 mailetako ikasleek judoa ezagutzeko aukera izan zuten, homologatutako zentro batean eta irakasle formatuen eskutik. Ekimenak kirol hau adin formatiboetan gehien gomendatzen denetako bat dela erakutsi zuen.

 

Amurrioko txapelketako emaitzak

Kadete mailako judokek Amurrioko Txapelketan parte hartu zuten emaitza desberdinekin. Aner Gonzalez (-60 kilo) lehen borrokaldia galdu arren, hurrengo hiru borrokaldiak gainditu zituen bigarren aukeran, baina final-laurdenetan kanporatua izan zen.

Julen Martin (-66 kilo) eta Ekhi Carballo (-55 kilo) ere bide beretik ibili ziren, bina garaipen eta bina porrot izanda. “Nabarmentzekoa da Ekhi Carballok bi denboralditan lortutako heldutasuna eta lehiakortasuna”, Kalamuakoen berbetan. Hirurak bosgarren postuan sailkatu ziren, brontzerako pauso batera.

June Valladares eta Sara Azpiazu (-63 kilo) ere Amurrion izan ziren. Junek bi borrokaldiak galdu zituen maila handiko ligan, eta Sarak ere bi porrot izan zituen, sailkapenetik kanpo geratuz.

 

Hurrengo hitzorduak

Klubak bi hitzordu garrantzitsu ditu datozen asteetan. Azaroaren 28an, larunbata, Legazpiko Eguberrietako Txapelketa izango dute txikienek. Kadeteek, berriz, abenduaren 5ean Nafarroako Espainiako Super Kopan parte hartzeko aukera izango dute.