Basalgoko proiektuaren aurkako kanpaina abiatu du Eibarko Mendiak Bizirik-ek
Eibarko Mendiak Bizirik plataformak kanpaina berria jarri du martxan Basalgoko proiektuaren aurrean sortu den oposizio soziala ikusgarri egiteko. Ekimenaren bidez, kaltetutako udalerri guztietako leiho eta balkoietan banderolak jartzera deitu dituzte herritarrak.
Banderolek “Mendiak Bizirik. Basalgoko proiektuari ez” leloa daramate, eta Untzaga plazan egongo dira salgai bihar, otsailaren 27an, 18:30etik 21:00etara, eta baita martxoaren 7an ere, ordutegi berean.
Mahai horietan, gainera, martxoaren 7an egingo den Topinburuko mendi martxaren inguruko informazioa eskainiko dute. Ekintza kaltetutako udalerrietatik abiatuko den ibilaldia izango da, makroaerosorgailuak jarri nahi diren ingururaino iritsiko dena. Antolatzaileen esanetan, helburua da bai proiektuaren aurrean dagoen desadostasuna irudikatzea, bai ingurua ezagutzen ez duten herritarrei bertatik bertara ezagutzeko aukera ematea. Abiapuntu eta ordutegien inguruko informaziorako egin klik hemen.
AEK-k Topinburuko mendi martxa Debabarreneko Korrika Kulturalaren egitarauan txertatu duela nabarmendu du plataformak; ondorioz, ekimenean parte aktiboa izango du.
Plataformak herritar guztiak animatu ditu bai banderolak balkoietan jartzera, bai mendi martxan parte hartzera, Basalgoko proiektuaren aurkako jarrera soziala ahalik eta zabalena eta ikusgarriena izan dadin.
Hitzaldia Soraluzen
Mendiak Bizirik plataformak antolatuta, energia berriztagarrien bidezko trantsizio energetikoari buruzko hitzaldia eskainiko da datorren martxoaren 5ean, eguena, 18:30ean, Soraluzeko Polikiroldegiko Toralekua aretoan.
“Energia berriztagarri bidezko trantsizio energetikoa. Begirada kritiko bat: lurralde antolakuntza ala espekulazioa?” izenburupean, Raoul Servent izango da hizlaria. Servent geografian lizentziatua da, Araudi SLP Ingurumen eta Lurralde Aholkularitzako kidea, eta Karakateko poligono eolikoaren aurkako udal-alegazioen egilea.
Hitzaldia gaztelaniaz izango da, eta helburua da energia berriztagarrien hedapenak lurraldean eta gizartean dituen ondorioak aztertzea, ikuspegi kritiko eta analitikotik. Antolatzaileek azaldu dutenez, eztabaidarako gunea sortu nahi dute, trantsizio energetikoa nola eta zein irizpiderekin egiten ari den hausnartzeko.
Sarrera librea izango da, eta interesa duten herritar guztiak gonbidatu dituzte ekitaldira bertaratzera.