Eibarko Ospitalea inauguratu dute gaur goizean, baina astelehenean hasiko da martxan

Eibarko Ospitalea inauguratu dute gaur goizean, baina astelehenean hasiko da martxan
2018/10/22 21:38
eta kitto!
Gaur goizean inauguratu du Iñigo Urkullu Lehendakariak Eibarko Ospitalea, Jon Darpon Osasuneko sailburua lagun zuela. Gaurko ekitaldian, Lehendakariarekin batera, Miguel de los Toyos Eibarko alkatea, eskualdeko beste herrietako alkateak eta udal ordezkariak egon dira baina, hala ere, herritarrentzat ateak astelehenean, urriaren 29an zabalduko dituzte. Inaugurazio ekitaldia Osakidetzaren 35. urteurreneko ospakizunen testuinguruan egin dute eta, Lehendakariak azpimarratu duenez, Eibarren Ospitalea zabaltzearekin batera, “osasun-zerbitzu publiko unibertsal eta kalitateko baten alde Euskadik egindako apustuak aurrerapauso bat eman du”. Urkulluren berbetan, “Eusko Jaurlaritzak eta Osasun Sailak zerbitzu publikoa hobetzeko egindako apustua irmoa da”.

Ekitaldian esandakoaren arabera, Debabarreneko herritarrei osasun arloan ematen zaien arreta hobetzeko asmoz zabalduko den Ospitaleak “eskualdeko 75.000 biztanleei irisgarritasuna eta eskaintza sanitarioa hobetuko dizkie”. Debabarrena ESIaren egituran txertatuta martxan ipiniko duten ospitale berriak “askotariko zerbitzuak” izango dituela aurreratu dute: Lehen Mailako Arreta (familia-medikuntza eta pediatria), Osasun Mentala, erresonantzia magnetikoko talde bat (Osatek) izango duen Erradiodiagnostikorako zerbitzua eta Errehabilitazio zerbitzua. Era berean, kanpo-kontsultetan 8 espezialitate eskainiko dira, 14 kontsultetan. Azkenik, 20-24 oheko hiru ospitaleratze-unitate izango ditu, bi solairutan banatuta. Azaldutakoaren arabera, “erreferentziako ospitalea Mendarokoak izaten jarraituko duen arren, Eibar Ospitalea gertuago dagoen eta osasun zerbitzu berriak izango dituen osasun azpiegitura berria izango da”.

ospitalea bisita

Lehen Mailako Arreta zerbitzuari dagokionez, orain arte Torrekuako osasun-zentroan eskaini den jarduera guztia gauzatuko da Eibar Ospitalean: 0 solairuan egongo dira medikuen eta erizainen kontsultak: 7 kontsulta familia-medikuentzat eta beste 7 erizainentzat, pediatriako kontsulta bat eta haur-erizaintzako beste bat. Gainera, EAG (Etengabeko Arreta Gunea) egongo da, astelehenetik barixakura, 17:00etatik 08:00etara, eta 24 orduz, zapatu, domeka eta jai egunetan. Horrez gain, Osasun Mentaleko zentroa 0 solairuan kokatuko da, sarrera propioa izango du eta 850 metro koadrotan 12 kontsulta izango ditu, honako programa hauei erantzuteko: Helduen Psikiatria Orokorra, Haur eta Gazteen Psikiatria, Nahaste Mental Larriak, Alkoholismoa, Toxikomania Ez Alkoholikoak, Psikogeriatria, Elikadura Jokabidearen Nahasmenduak eta Metadona Programa. Zerbitzua astelehenetik barixakura eskainiko da, 08:00etatik 15:00etara.

 

Inaugurazio ekitaldiaren harira, ELA sindikatukoek elkarretaratzea egin dute, ospitale berriak ez duela lanposturik sortuko salatzeko. Inaugurazio ekitaldiaren harira, ELA sindikatukoek elkarretaratzea egin dute, ospitale berriak ez duela lanposturik sortuko salatzeko.

IMG_2802

Ospital berrian zortzi espezialitaterako arreta emango da hamalau kontsultetan (kardiologia, arnas aparatua, barne-medikuntza, neurologia, erreumatologia, errehabilitazioa, traumatologia eta endokrinologia) eta errehabilitazio-zerbitzuak arreta eskainiko die anbulatorio eran doazen pazienteei eta ospitaleratutakoei. Gainera, 20-24 oheko hiru ospitaleratze-unitate izango ditu, bi solairutan banatuta. Bertan, Barne-medikuntza Zerbitzuak beste espezialitateekin koordinatuta emango du arreta. Ospitale berriak erradiodiagnostiko zerbitzua ere eskainiko du eta ohiko X izpi robotizatuak, teleaginte bidezko X izpiak, erresonantzia magnetikoak, ekografiak eta ortomamografiak egingo dira. Ospitaleak datorren astean ateak zabalduko baditu ere, ez ditu zerbitzu guztiak hasieratik emango, eskainiko dituen zerbitzuak era mailakatuan zabaltzen joango dira eta.

Ospitale berriaren inguruko hitzaldiak jubilatuentzat

Ospitaleak nola funtzionatuko duen eta eskainiko dituen zerbitzuak zeintzuk diren jubilatuei azaltzeko asmoz, bi hitzaldi antolatu dituzte. Idoia Sarasketa Udaleko Gizartekintza zinegotziak eta Mendaroko Ospitaleko sendagileak emango ditu hitzaldiak eta bihar (martitzena, hilak 23) egingo dute lehena, 17:30ean Beheko Tokia jubilatu etxean eta bigarrena, berriz, datorren asteko martitzenean (hilak 30), 19:00etan Untzagako jubilatu etxean.