Eibarko Ospitalea plasma-bilketako Euskadiko zentroen sarean sartu da

Osakidetzaren plasma-dohaintza bultzatzeko estrategiaren helburua 5.000 ohiko emaile izatea eta Euskadin urtero 20.000 plasma-dohaintza egitea da
Eibarko Ospitalea plasma-bilketako Euskadiko zentroen sarean sartu da
2026/08/27 12:27
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Ospitalea plasma emateko gune berri bihurtu da, Osakidetzaren eta Debabarreneko Erakunde Sanitario Integratuaren (ESI) eta Euskal Odol eta Ehun Bankuaren arteko lankidetzari esker. Espazio berria egokitu eta ekipatu dute ospitaleko instalazioetan, eta horrela Euskadiko plasma-emateen sarean sartu da Eibar. 

Gune berriarekin, Osakidetzak zortzi plasma-emate puntu ditu dagoeneko Euskadin. Gipuzkoan, Eibarkoaz gain, Arrasateko osasun-zentroan eta Donostiako Odol Emaileen zentroan ere eman daiteke plasma.

Osakidetzak plasma-ematea estrategikotzat jo du, osasun-sistemaren beharrak asetzeko eta etorkizunean Euskadi plasma-hornikuntzan autosufiziente izateko. Gaur egun, 3.000 pertsona inguruk ematen dute plasma Euskadin, eta helburua da hiru eta bost urte bitartean 5.000 emaile ohiko izatea eta urtean 20.000 plasma-emate lortzea. Horretarako, emaile bakoitzak urtean batez beste lau aldiz eman beharko luke plasma. 

 

Zer da plasma-ematea?

Plasma-ematea plasmaferesiaren bidez egiten da. Prozedura horren bidez, odolaren plasma bakarrik ateratzen da, 600 eta 750 mililitro artean, eta prozesuak ordubete baino gutxiago irauten du. Odola ematearen aldean, plasma hilero eman daiteke, eta urtean 12 aldiz gehienez, organismoak galdutako plasma azkar berreskuratzen duelako.

Plasma ezin da artifizialki fabrikatu eta funtsezkoa da hainbat sendagai ekoizteko, besteak beste immunoglobulinak. Horregatik, Osakidetzak azpimarratu du plasma-emateek gaixotasun larriak dituzten pertsonen tratamenduan eta hainbat esku-hartze mediko eta kirurgikotan duten garrantzia. 

 

Nola eman daiteke plasma?

Plasma-emaile izateko, 18 eta 65 urte artean izatea, 50 kilo baino gehiago pisatzea eta osasun ona izatea eskatzen da.

Eibarko Ospitalean plasma emateko, aurrez hitzordua eskatu behar da, eta hitzordua Osakidetzaren aplikazioaren edo webgunearen bidez, Euskadiko Odol Emaileen atarian edo 900 30 34 04 telefonoan eskatu daiteke.