Eibarko Udalak kirol-materiala doan mailegatzeko bi estazio jarri ditu Torrekuan eta Unben

Herritarrek baloiak, padel eta ping-pong materiala nahiz haurrentzako jolasak erabili ahal izango dituzte 90 minutuz, Trainout aplikazioaren bidez
Eibarko Udalak kirol-materiala doan mailegatzeko bi estazio jarri ditu Torrekuan eta Unben
2026/07/17 13:40
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Eibarren kirola egiteko aukera berri bat izango dute herritarrek aurrerantzean. Udalak kirol-materiala mailegatzeko bi estazio adimendun jarri ditu martxan Torrekuan eta Unben. Zerbitzu berriari esker, erabiltzaileek hainbat kirol-ekipamendu doan hartu ahal izango dute, 90 minutuz erabiltzeko, aurretik Trainout mugikorreko aplikazioan erregistratuta.

Ekimenaren helburua da kirola egitea erraztea eta herritar guztien eskura jartzea, materialik ez izatea oztopo izan ez dadin. Horrez gain, baliabideak partekatzeko eredua sustatu nahi du Udalak, "kirol-materialaren erabilera optimizatuz eta kontsumo jasangarriagoa bultzatuz".

Bi estazioek material desberdina eskaintzen dute. Torrekuan saskibaloi-baloi bat, ping-pongerako materiala eta haurrentzako jolasak daude; Unben, berriz, padelerako materiala eta futboleko baloi bat mailegatu ahal izango dira.

Zerbitzua erabiltzeko, Trainout aplikazioa deskargatu eta erabiltzaile gisa erregistratu behar da. Ondoren, aplikazioaren bidez hurbilen dagoen estazioa aukeratu eta dagokion konpartimentua ireki daiteke materiala jasotzeko. Lehenengo 90 minutuetako erabilera doakoa izango da, eta amaitutakoan ekipamendua konpartimentu berean utzi beharko da, gainerako erabiltzaileek ere erabili ahal izan dezaten.