Eibarko Ospitalean dentsitometria-zerbitzua jartzeko eskaera formala egin du Eibarko Udalak
Jon Iraola Eibarko alkateak eskaera formala egin dio Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari Eibarko Ospitalean dentsitometria-zerbitzua jartzeko. Helburua Debabarreneko bizilagunen osasun-arreta hobetzea da. Zerbitzu honen bidez, eibartarren etengabeko eskaera bati erantzun nahi zaio. Izan ere, gaur egun Donostiara joan behar da proba hori egitera, erreferentzia-zentroa hiriburuko Gros auzoan dago-eta.
Dentsitometria proba diagnostiko bat da, hezurren dentsitate minerala neurtzeko aukera ematen duena; funtsezkoa da hezurren osasuna ebaluatzeko eta osteoporosia eta gisa horretako gaixotasunak detektatzeko. Ekipo espezializatu baten bidez egiten da: dentsitometria-makina. Gailuak erradiazio-dosi txikiak erabiltzen ditu hezurrak eskaneatzeko, batez ere bizkarrezurra eta aldakak; emaitzak zehatzak eta azkarrak izaten dira.
Osasun-agintariei zuzendutako eskutitzean, alkateak adierazi du urtean Debabarrena ESIko 1.000 lagun inguruk behar izaten dutela horrelako proba diagnostikoa. Hiriburura joatea, pazienteentzat deserosoa izateaz gain, zerbitzua jasotzeko itxaron-zerrenda luzatzeko modua ere bada.
“Uste dugu zerbitzu hau Eibarko Ospitalean jartzeak lekualdatzeak eragindako oztopoak arindu ez ezik, Osakidetzak herritarrei eskaintzen dien osasun-arreta ere nabarmen hobetuko lukeela”, adierazi du.
Udalak agintari eskudunei eskatu die proposamen honen bideragarritasuna azter dezatela, segurua baita Eibarko herritarrek eta Debabarreneko ESI osoak harrera ona egingo diotela.