Urrian abiatuko da Mogidu Eibarren jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzua

Herritarren artean bizi-ohitura aktiboagoak eta osasungarriagoak sustatzen jarraitzeko helburua du doako programak.
Urrian abiatuko da Mogidu Eibarren jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzua
2026/09/28 13:00
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Urrian ekingo dio 'Mogidu Eibarren' jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzuak 2026-2027 ikasturteari. 'Eibar Mogidu' herri-ekimenaren barruan kokatzen da zerbitzua, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako 'Mugiment' pertsona aktiboak programaren barruan, eta herritarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta sedentarismoa murriztea du helburu.

Doako zerbitzua da, eta bereziki jarduera fisiko gutxi egiten duten pertsonei zuzenduta dago. Eibarko osasun-zentroetatik bideratutako pertsonak dira erabiltzaile nagusiak: anbulatorioko eta Eibarko Ospitaleko osasun-profesionalek jarduera fisikoa areagotzeak osasunean eta ongizatean onurak ekar diezazkiekeen pertsonak zerbitzura bideratu ahal izango dituzte.

Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua Astelena pilotalekuko bulegoan egongo da. Ikasturte honetan, martitzenetan 11:00etatik 17:00etara eta barixakuetan 9:30etik 13:30era izango da zabalik.

Ibilaldi osasungarriak

'Mogiduk' iaz eskainitako 'Ibilixan' eta 'Mugigela' programak ere mantenduko ditu ikasturte berrian. 'Ibilixan' herritar guztiei irekitako ibilaldi osasungarrien programa da, eta hamabostean behin egingo dituzte, barixakuetan.

Ibilaldiak anbulatorioko plazatxotik abiatuko dira, 10:00etan, eta ordubete eta hamabost minutu inguruko iraupena izango dute. Ikasturteko lehen hitzorduak urriaren 9an eta 23an, azaroaren 6an eta 20an eta abenduaren 4an eta 18an izango dira.

'Mugigela', berriz, Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzura bideratutako pertsonei banakako arreta eta orientazioa eskaintzeko programa da.

Informazio gehiago nahi dutenek mogidu@eibarkirola.eus helbidera idatzi edo 688 724 174 telefonora deitu dezakete.