Eibarko Pentsionista Taldeak eguenean Legebiltzarraren aurrean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du

Gasteizera joateko autobusa 09:00etan irtengo da Eibartik, eta interesa dutenek gaurko elkarretaratzean eman dezakete izena, 12:00etan Untzagan.
Eibarko Pentsionista Taldeak eguenean Legebiltzarraren aurrean egingo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin du
2024/09/23 11:14
eta kitto!

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Herri Ekimen Legegilea erregistratuko du eguenean (irailak 26) Eusko Jaurlaritzan, izapidetzeko onartu eta, ondoren, Legebiltzarrean eztabaidatu dezaten. Pentsiodunen ordezkariek diotenez, “ekimenak proposatzen du pentsiodunek, gizonek eta emakumeek, urte askoko lanaren ondoren, bizi-baldintza duinak izateko adina diru-sarrera jasotzeko eskubidea dugula”. Legebiltzarrean hori onar dadin lortzea, neurri handi batean, kolektiboaren mobilizazio-gaitasunaren mende dagoela azpimarratu dute. Horregatik, Debabarrenatik autobus bat antolatu da, “Legebiltzarreko ateraino joan eta ekimen horren aurkezpena babesteko”. Autobusa 09:00etan irtengo da Eibartik, eta interesa dutenek gaurko elkarretaratzean eman dezakete izena, 12:00etan Untzagan. 

Jarraian, Gipuzkoako Pentsiodunek horren harira kaleratu duten idatzia daukazue:

 

Pentsiodunen mobilizazioa hilaren 26an Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

Datorren ostegunean, hilak 26, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak (EHPM) aurkeztutako Herri Ekimen Legegile (HEL) proposamena entregatuko zaio Gasteizko Legebiltzarrari, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) gutxieneko pentsioak osatzeko, gutxieneko pentsio horiek Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) kopurura iritsi arte.

Parlamentu barruan prentsaurrekoa emango dugu Herri Ekimen Legegilearen edukiaren eta hura babesteko aurreikusitako ekimenen berri emateko. Eta herri-ekimen legegile honen aurkezpenari babes soziala erakusteko, legebiltzarraren atarian pentsiodunen elkarretaratze garrantzitsua egingo dugu, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako EHPMko kide pentsiodunen partaidetzarekin.

EAErako gutxieneko soldata propioa sustatuko duela iragarri du Mikel Torresek

Mikel Torres Gasteizko Gobernuko Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak astelehenean Gasteizko Legebiltzarrean egin zuen agerraldian, legealdi honetarako dituen planak azaltzeko, iragarri zuen Euskal Autonomia Erkidegorako (EAE) Estatukoa ez den lanbide arteko gutxieneko soldata sustatuko duela, bere baldintza ekonomiko eta sozialekin bat datorrena.

Europako Gutun Sozialaren arabera, gutxieneko soldata batez besteko soldataren %60arekin bat etorri behar da, baina hori ez da gertatzen Espainiako Estatuan Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS), eta are gutxiago EAEri edo Nafarroari legokiokeenarekin.

Ezaugarri horiek dituen gutxieneko soldata positiboa da, ez bakarrik langileen sektore garrantzitsu bateko soldatak hobetzeko, baita Gizarte Segurantzako kotizazioetarako ere, eta horrek eragina izango du, haien etorkizuneko pentsioetarako ez ezik, Gizarte Segurantzaren kutxan diru-sarrera handiagoak izateko ere.

Gainera, bada beste arrazoi interesgarri bat EHPMrentzat. Hilaren 26an Gasteizko Parlamentuan aurkeztuko duen Herri Ekimen Legegilean eskatzen den gutxieneko pentsioen osagarriarekin batera, batuketatik ateratzen den kopuruak Estatuko LGSaren berdina edo parekoa izan behar duela planteatzen da. Baina, era berean, EAEn batez besteko soldataren %60arekin bat datorren LGS ezartzen bada, osagarria ere soldata horrekin parekatzea eskatzen da.

Adinekoen Nazioarteko Egunaren ospakizuna

Urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Baina Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak irailaren 30a, astelehena, aukeratu dugu ospakizunerako, adinekoek pairatzen dituzten arazoak salatzeko eta haien beharrak eta eskubideak aitortuak izatearen garrantzia azpimarratzeko egun garrantzitsu gisa.

Gutxieneko pentsio publiko eta duinen eskakizunak nabarmenduko ditugu, eta, bereziki, arreta eta zaintza publiko eta kalitatezko sistema baten beharra eta urgentzia, behar duten adineko pertsona guztientzat. Arazo larri honen aurrean dimentsio zabalagoa eta gizartearen parte hartzea nabarmentzeko, pentsiodunen mugimendua egun horretan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako egoiliarren senideen elkarteekin batera mobilizatuko da. Era berean, Foru Aldundien eta Gasteizko Gobernuaren diskurtso propagandistak eta autokonplazienteak salatuz.

Gipuzkoa, 2024ko irailaren 23a GIPE Gipuzkoako Pentsiodunak