Basalgo parke eolikoaren inguruko herri alegazioek 3.000 atxikimendutik gora jaso dituzte
Eibarko Mendiak Bizirik plataforma herrikoiak ezagutarazi duenez, 3.000 pertsonak baino gehiagok egin dute bat Basalgo parke eolikoari buruzko alegazioekin. Plataformak adierazi du azaroaren 29an alegazio kanpaina abiatu zutenetik sinadura bilketa arrakastatsua izan dutela: “Lehen asteburu arrakastatsuan mila sinadura bildu ondoren, erritmoari eutsi zaio”. Datorren ostiralean, abenduak 19, amaituko da sinadura bilketa Eibarko Mendiak Bizirik-ek Untzagan jarriko duen azken mahai informatiboarekin.
Kanpaina hasi zutenetik hainbat informazio-puntu jarri dituzte herrian eta plataformak dioenez, herritar ugari gerturatu dira informatzeko eta atxikimendua sinatzeko. Horrek “herritarrek kalte larriak eragingo lituzkeen proiektua gelditzeko interesa dutela” berretsi duela adierazi du plataformak.
Modu berean, alegazioak jaso eta utzi daitezkeen establezimenduen kopurua ere nabarmen igo dela jakinarazi dute. Honako establezimenduetan daude dokumentuak eta postontziak eskuragarri: Amesti Taberna (Ziriako Agirre, 2), Bacoleku (Ego-gain, 4), Basagunea (Errebal Plazia), Bossa Gastroteka (Ego-gain, 7), Buenos Aires Taberna (Toribio Etxebarria, 10), CDR Bicicletas (Barrena, 32), Club Deportivo (Toribio Etxebarria, 16), Eskulan (Bista-Eder, 1), Guridi Taberna (Untzaga, 3), Itxesi Bedardenda (Bidebarrieta, 6), Kalaka Taberna (Untzaga, 5), Kultu Taberna (Zuloaga, 3), Magala Kafetegia (Bidebarrieta, 26), Nahaste Kafetegia (Romualdo Galdos, 16), Zai Zoi (Bittor Sarasketa) eta Estaziño kaleko Kioskoa. Eibarko inguruko herrietan ere badaude establezimenduak: Elgoibarko Marrubi Dendan (Antonio Arrillaga, 3) eta Pitxintxu Opari dendan (San Frantzisko, 27) eta Soraluzeko Belaiz Nekazal dendan (Mendiola, 13).
Kanpainaren amaiera
Datorren ostiralean (abenduak 19) itxiko da herri alegazioen kanpaina. Ekitaldi sinboliko txiki bat antolatu du Eibarko Mendiak Bizirik plataformak Untzagan arratsaldeko zazpiretan. Alegazioekin bat egiten duten herritarrei bertaratzeko deia egin diete, euren babesa eskertu bide batez, Basalgo proiektuari oposizioa irudikatuko duen familia argazkia egiteko.
Alegazioak
Oharrean azaldu dutenez, herri-alegazioen dokumentuek bederatzi puntu jasotzen dituzte, bost bloketan banatuta: “proiektuaren lurralde-antolamenduaren araudiarekiko bateraezintasuna, biztanleriaren osasunean eta bizi-kalitatean duen eragina, ingurumen-inpaktu kritikoak, landa-eremua eta kultura-ondarea pobretzea eta baliabide eolikoaren justifikazio eza.”
Azkenik, Eibarko Mendiak Bizirik-ek jakinarazi du Arena Power enpresak aurkeztutako dokumentazioa xehetasunez aztertzen jarraitzen duela, gaur egun ere alegazio berriak egiteko aukera ematen duten akats eta hutsuneak aurkitzen dituelako. Eragindako eremutik kanpoko kartografia aipatu dute adibide gisa. Plataformak azaldu duenez, elkarren artean bateraezinak diren eredu topografikoak edo arroak eta profil hidrauliko ezinezkoak erabili direla deskubritu da eta horrek zorroztasun tekniko falta larria dagoela adierazten duela salatu dute.