Eibarko udal langileek greba egingo dute gaur, ELA eta LABen deialdiari jarraituz

Grebaren bitartez, EUDELi, EAJri, EH Bilduri, PSE-EEri eta alderdi independenteei Udalhitzen mahaietan eta EAEko udaletxeetan hitzarmen kolektibo integralak adostea exijituko diete.
Eibarko udal langileek greba egingo dute gaur, ELA eta LABen deialdiari jarraituz
Eibarko udal langileek irailaren 23an eginiko elkarretaratzea.
2026/10/08 10:17
Irati Alvarez Malaxetxebarria

ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dituzte gaur EAEko udal langileak, Udalhitzen negoziazio mahaian eta udaletako hitzarmen kolektiboen negoziazioetan aurrerapausorik ez dela izan salatzeko. Deialdiarekin bat egin dute EAEko 125 udal batzorde baino gehiagok, tartean Eibarko udal langileen ordezkariek.

Bi sindikatuek azaldu dutenez, ia bi urteko negoziazioen ondoren, irailaren 25ean EUDELeko alderdi politiko nagusiek Udalhitzen negoziazio mahaia amaitutzat eman zuten, proposamenean beste mugimendurik egiteko prest ez zeudela argudiatuta. Era berean, Udalhitzen negoziazioaren zain dauden udaletako hitzarmenak berritzeko prozesuak ere geldirik daudela salatu dute.

ELAren eta LABen arabera, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta alderdi independenteek ez dute oraindik udal langileen «funtsezko gai guztiak» jasoko dituen proposamen integralik aurkeztu. Sindikatuek, besteak beste, erosahalmena berreskuratzeko neurriak, euskaraz lan egiteko eta bizitzeko baldintzak, azpikontratatutako langileen subrogazio-eskubidea, lanaldiaren murrizketa, errelebo-kontratua eta plantillak berritzeko planak aldarrikatzen dituzte.

Mobilizazioen jarraipena

Gaurko greba ez da sektoreko lehen mobilizazioa. ELAk eta LABek apirilean hasi zuten protesta dinamika: apirilaren 23an bi orduko lanuzteak egin zituzten, eta maiatzean eta ekainean egun osoko bi greba egin zituzten. Sindikatuek azaldu dutenez, mobilizazio horien ondorioz eduki berriak eraman ziren Udalhitzen negoziazio mahaira, baina aldarrikapen nagusi batzuk oraindik erantzun gabe daude.

Irailean, uda ostean negoziazioan aurrerapauso nahikorik ez zegoela ikusita, greba eta mobilizazio dinamika berria jarri zuten martxan, eta urriaren 8ko deialdiari eustea erabaki zuten. Dinamiko horren baitan, Eibarko udal langileek elkarretaratzea egin zuten irailaren 24ean, lan baldintzak hobetzeko eta udal sektoreko negoziazioetan aurrera egiteko eskatzeko.

Gaurko grebarekin, beraz, udal langileen lan-baldintzak hobetzeko eta EAEko udaletxeetan hitzarmen kolektibo integralak adosteko negoziazioa berriz bultzatu nahi dute ELAk eta LABek. Deialdiak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru hiriburuetako udal langileak eta, besteak beste, Getxo, Barakaldo, Portugalete, Basauri, Durango, Laudio, Eibar, Zarautz, Azpeitia, Tolosa eta Errenteriakoak hartzen ditu.