Eibarko udal langileek kontzentrazioa egin dute lan baldintzak hobetzeko

ELA eta LAB sindikatuek egun osoko grebara deitu dute urriaren 8rako, EAEko udal sektorean, Udalhitzeko negoziazioetan aurrerapausoak eskatzeko
Eibarko udal langileek kontzentrazioa egin dute lan baldintzak hobetzeko
2026/09/24 11:46
Ekhi Belar Errasti

Eibarko udal langileek kontzentrazioa egin dute gaur goizean, lan baldintzak hobetzeko eta udal sektoreko negoziazioetan aurrera egiteko eskatzeko. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, mobilizazioak sektoreko lan baldintzak hemen erabakitzeko eta hobetzeko dinamikaren barruan kokatzen dira.

ELAk azaldu duenez, Udalhitz 16 urte baino gehiago egon da negoziatu gabe, eta udal langileen lan baldintzak hobetzeko eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzu publikoaren kalitatea bermatzeko neurriak behar direla uste du. Sindikatuaren arabera, lan kargak handitu egin dira, lan osasunaren prebentzioan gabeziak daude, euskararen arloan atzerapausoak eman dira eta pribatizazioek aurrera jarraitzen dute.

Sindikatuak gogorarazi du azken hilabeteetan grebak eta mobilizazioak egin dituztela, eta horien ondorioz Udalhitzeko negoziazio mahaian zenbait aurrerapauso eman direla. Besteak beste, aldi baterako ezintasunagatiko osagarriak %100era igotzea eta produktibitate-plusak zein destino-osagarriak ezartzeko aukera aipatu ditu. Hala ere, ELAren iritziz, mahai gainean dauden proposamenek ez dituzte bere aldarrikapen guztiak jasotzen, eta udalek neurriak ez aplikatzeko aukera izatea kritikatu du.

 

Urriaren 8an, greba eguna

ELAk eta LABek mobilizazioekin jarraitzeko akordioa egin dute 2026-2027 ikasturterako. Horren barruan, urriaren 8rako egun osoko greba deitu dute EAEko udal sektorean. Sindikatuak ohartarazi du negoziazioak aurrera egiten ez badu azaroan ere grebekin jarraitzeko asmoa duela.

ELAk udal langileen lan baldintzak hemen erabakitzeko eta hobetzeko beharra azpimarratu du, eta aldarrikapenak lortu arte mobilizazioei eutsiko diela adierazi du.