Eibarko Udala Landaola Saria jasotzeko hautagaien artean dago
Landaola Sarien 8. edizioan, erakunde publikoen kategorian, Eibarko Udala saria irabazi dezaketen hautagaien artean dago, beste udalerri batzuekin lehian (Oiartzun, Oñati, Legazpia, Berastegi eta Azkoitiarekin). Izendapenarekin Basarrixa Hurretik programaren bidez landa-garapenarekin Udalak duen konpromisoa aitortu nahi izan dute. Izan ere, ekimenak Eibarko ikasleei lehen sektorera gerturatzeko aukera eskaintzen die, tailer eta ibilbide didaktikoen bidez: “LHko eta DBHko ikasleek baserritarrengandik zuzenean ikasteko aukera dute. Bisitak curriculumarekin lotuta daude, natura, gizarte zientziak, biologia eta geografia barne hartuz. 2023-2024 edizioan, 19 bisita egin dira, eta 400 ikaslek hartu dute parte, baserriko jardueren ezagutza sustatuz”.
Sariak antolatzen dituen Landaola Federazioak Gipuzkoako Landa Garapeneko sei elkarteak biltzen ditu: Behemendi, Deba-Garaia, Debemen, Goimen, Tolomendi eta Urkome. Sari hauek landa-garapenarekin konprometitutako proiektu berritzaileak aitortzea dute xede, eta hainbat kategoria daude: erakunde publikoak, erakunde pribatuak, landa-inguruneko emakumeak eta ibilbide profesionala.
Basarrixa Hurretik hezkuntza-proiektuaren baitan baserrietara egindako bisiten eta bestelako ekintzen bidez, ikasleek bertatik bertara ezagutzen dute herriko abeltzaintzaren eta nekazaritzaren errealitatea. Jarduerak adin ezberdinetara egokituta daude, eta lantzen diren gaiak hauek dira: landa-bizimodua, elikagaien ekoizpena eta ingurumenaren jasangarritasuna.
Jon Iraola alkatea pozik dago izendapenarekin: “Izendapen hau landa-ingurua balioan jartzeko eta inguru hori belaunaldi berriei hurbilarazteko egin dugun lanaren isla da. Nahi duguna da gazteek ulertzea lehen sektorearen garrantzia eta baita sektore horrek gure gizartean duen inpaktua ere”.
Bestalde, Vanesa Hortas Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak ekimenaren inpaktu positiboa azpimarratu du: “Programa honek, hezteaz gain, kontzientziazioa ere sustatu nahi du, eta bertako produktuak erostearen eta gure ekoizleei laguntzearen garrantzia erakutsi. Ohorea da guretzat probintzia mailan lan horri egin zaion aitortza”.