Ekainaren 28an Eibarko Udalak Harrotasunaren Eguna ospatuko du jardueraz betetako egitarau batekin
Ekainaren 28an Harrotasunaren Eguna ospatuko dela eta, Eibarko Udalak ekitaldi sorta bat antolatu du eguna ospatu eta LGTBIQ+ komunitateari babesa emateko. Sonia Archeli Berdintasun zinegotziak eta Andoni Zabala Kultura zinegotziak gaur goizean aurkeztu dute egitaraua, eta adierazi dutenez, “egun koloretsua izango da, inklusioz eta entretenimenduz betea, eta jarduerak egongo dira egun osoan zehar, Untzaga plazan”. Horretarako, Kultura, Jai eta Berdintasun sailak elkarrekin lanean aritu dira, egunerako ospakizunak antolatzeko.
Ekainaren 28an (barixakua), 11:00etatik 13:00era, Aniztasunak aberasten gaitu izeneko tailerra egongo da, LGTBIQ+ pankartak egiteko. Azaldu dutenez, “aniztasunarekin eta LGTBIQ+ komunitatearen eskubideekin bat egin nahi duten guztiek parte hartu ahalko dute. Aukera ezin hobea izango da herritarrak elkartzeko eta inklusiozko eta errespetuzko mezuak sortzeko”. Mezu horiek plazan erakutsiko dira.
Ondoren, 13:00ean, LGTBIQ+ bandera igoko da Untzagan eta, jarraian, komunikatua irakurri eta elkarretaratzea egingo da. Bestalde, egunerako txapak eta zapiak atera dituzte, eta egunean bertan Untzagan banatuko dira, gerturatzen direnen artean.
Sexu-askatasun eta aniztasunaren aldeko aldarrikapen-eguna jai-giroan amaitzeko, 22:00etan Asier Bilbao Show ikuskizuna hasiko da Untzagan. Bilbotik datorren transformistaren eskutik “entretenimenduz eta energiaz betetako gaua” izatea espero dute.
Ekainaren 28ko ekitaldiez gain, hilaren 27an Ni naiz naizena izeneko erakusketa egingo da Andretxean, eta Liburutegiarekin elkarlanean irakurketa-gida ere prestatu dute.
Azpimarratu dutenez, “herritarren parte-hartzea funtsezkoa da LGTBIQ+ komunitatea ikusarazteko eta laguntzeko, aurre egin beharreko erronken eta arazoen inguruan gizartea hezteko eta kontzientziatzeko, eta berdintasunaren eta eskubide-berdintasunaren aldeko borroka denon kontu bat dela erakusteko”. Hori dela eta, Udalak eibartar guztiak gonbidatu nahi ditu ekitaldi hauekin bat egitera, “eta harrotasun, errespetu eta dibertsitatearen ospakizun-egun bat partekatzera. Era honetako jarduerekin, Eibarrek berretsi egiten du bere konpromisoa berdintasunarekin eta LGTBIQ+ komunitatearekin”.