Eibarko Udalbuseko ordutegi berriak jarriko dira indarrean datorren astelehenean

Eibarko Udalbuseko ordutegi berriak jarriko dira indarrean datorren astelehenean
2021/05/19 14:18
eta kitto!
Datorren astelehenean, maiatzak 24, jarriko dira indarrean Eibarko Udalbuseko ordutegi berriak.  Zerbitzuaren adjudikazio berria dela-eta, erabileraren azterketa bat egin da, eta horretan oinarrituta geltokiak eta ordutegiak egokitu egin dituzte, batzuk indartuz eta beste batzuk kenduz. Aldaketen helburua da zerbitzua herri barruko garraio-erabiltzaileen premietara egokitzea.

Aldaketa horiek zerbitzuaren lizitazio berriaren aurretik egin den azterketa baten ondorio dira; izan ere, hemendik aurrera enpresa kudeatzailea La Guipuzcoana izango da, aurreko enpresarekiko kontratuaren indarraldia amaitu ondoren. Azterketan, hainbat aldaketa planteatu dituzte, bai ordutegietan bai geltokietan, Udalbuseko erabiltzaileen premietara ahalik eta ondoen egokitzeko.




Aldaketa esanguratsuenetako bat da zerbitzua indartu egiten dela, lanegunetan, goizeko lehen orduetan (7:20-9:00), egiaztatu baita Udalbusa orduantxe erabiltzen dutela gehien, batez ere, ikastetxeetara doazen ikasleek. Hala, ordutegi horretan, bi autobus ibiliko dira; eta, gainerakoan, bakarra.

Bestalde, kendu egingo dira Urki eta Legarreko geltokiak, oso erabiltzaile gutxi dabiltzalako. Zehatzago, azterketaren arabera, Urkiko geltokian batez beste bi pertsonak erabili zuten zerbitzua hamabost egunean; eta, Legarren, ikusi da ez zela erabiltzailerik igo autobusera geltoki horretan. Ondorioz, geltokien ordutegiak egokitu behar izan dira.

Halaber, kendu egin da azken zerbitzua, 20:00etan Tiburtzio Anituatik Teknikerreraino zihoana (batez beste egunean bi pertsonak baino ez dute erabiltzen). Eta kendu dute, baita ere, Teknikerretik goizeko 7:20an irteten zen zerbitzua; hemendik aurrera Saratsuegitik irtengo da 7:27an.

Gainera, kendu egingo da egunero 15:15ean Arratera udako lanegunetan igotzen zen eta 15:45ean Eibarrera jaisten zen autobusa (ekainaren 15etik irailaren 7ra, biak barne), ez zelako apenas erabiltzen; baina asteburuetako eta jaiegunetako zerbitzuak bere horretan jarraitzen du.

Ordutegi-aldaketa hauen berri egun hauetan ematen ari dira, geltokietan kartelak jarriz, edo erabiltzaileei triptiko bat emanda, non ordutegi eta ibilbide berriak zehazten diren. Triptiko hori Eibarko Udaleko PEGORA herritarrentzako arreta bulegoan ere lor daiteke.

Aldaketak eragin dituen azterketari esker, egiaztatu ahal izan da azken urteotan nabarmen murriztu dela Udalbusaren erabilera herritarren artean, bai eibartarren ohiturak aldatu direlako, bai auzoetarako irisgarritasuna hobetu delako; izan ere, gaur egun errazago iris daitezke auzoetara garraio publikoa erabili beharrik gabe.

ORDUTEGIA DESKARGATZEKO SAKATU HEMEN